Bata Haur Hezkuntzako irakaslea. Bestea Artea eta Diseinuaren eremukoa. Ane eta Janire deustuar gazteak, bi esparru horietatik abiatuta, zenbait umeren irudimenaren munduak elkartu eta unibertso bat osatzen ari dira euren proiektu berrian: Gometxa.
Karrera amaituta lan egiteko irrikitan irten ziren proiektu asko buruan zituztela. Orain dela bi urte, hondartzan, horretaz hitz egiten, bien artean zerbait sortzea pentsatu zuten eta hasi ziren airera proposamenak botatzen. Konturatu ziren Hezkuntzan ez zaiola sorkuntzari eta umearen irudimenari behar besteko espazioa ematen. “Normalean, helburu batera heldu behar dira umeak, eta ez badute hori lortzen epaituak izaten dira. Zenbaki bat, nota bat jartzen diote ume bakoitzari. Horrek, agian, beldurra eragiten die eta ez dira ausartzen ezer berria sortzera”. Gabezia ikusita, erantzuna ematea otu zitzaien.
Iazko Deustuko Gazte Egunean Janirek Berbaizuko kide den Galderrekin topo egitean eman zion ideiaren berri. Galderrek Berbaizun komentatu eta elkarteak erabaki zuen neskei laguntza eskaintzea eskura zeukan baliabideak konpartituz, lokaletik hasita, Müllerenea.
Aurten jarri dute martxan, irailean Gometxa. Hasieran, hiru hilabetetako proiektua besterik ez zen, froga moduan, umeekin nola funtzionatzen zuen ikusteko eta beraien ezaugarrietara egokitzen joateko. Horren harrera ona ikusirik, bigarren txanda bat prestatu zuten. Esan beharra dago txanda bakoitzean saio ezberdinak egiten dituztela, prozesu bat jarraituz. Lehenengo pausoa da harrera. Helburua da umeak seguru sentitzea esparru horretan, sortzeko askatasun handiagoa eduki dezaten, eta “nik hori ez dakit egiten” edo “ezin dut egin” esaldi famatuak euren hiztegitik desagerrarazteko. Bigarrena, pizgarri jolas bat, saioan sartzen joateko; eta introspekzio ariketa bat, umeek bere horretan sortzeko. Eta hirugarrena, talde jolas bat edo ariketa bat, denen artean zer edo zer sortzeko. Saio bakoitzean teknika ezberdinak erabiliz –sorkuntza plastikoa, gorputzaren mugimendua, soinua…– umeak motibatzen dituzte. Ez da soilik tailerra edo marrazketa. Jolasten ikasten dute.
Baina, beti gertatzen den moduan, muga bat dauka. Kasu honetan adin muga, lau eta sei urte bitartean dagoena.
Zergatik? Umeek adin horretan “eragiketa zehatzak” oraindik ez dituztenez oso finkatuta, euren irudimenarekin eta mugimenduarekin gehiago jolastu daitekelako eta beraien arteko aldea ez delako oso handia. “Sei urteko umeak badaude apur bat sartuta arrazonamenduan eta lau urtekoak oso magikoak dira oraindik; elkartzen direnean ateratzen diren lanak bonba bat dira”, dio Anek pozez gainezka lortu dituzten emaitzak burura ekarriz.
Berbaizuk ateak ireki zizkien eta lokala uzteaz gain, eskoletan ere zabaldu zuen proiektuaren berria. Horren bitartez, eskola batzuk Gometxarekin harremanetan jarri dira eskolan bertan ere proiektua gauzatzeko. Hala ere, eskaintza baztertu egin dute Anek eta Janirek, proiektuan gehiago sakondu nahi dutelako eta oinarriak ondo finkatu “hain lan garrantzitsua” onartu aurretik.
Momentuz, orain arte bezala jarraituko dute, poliki-poliki aurrerakuntzak eginez eta gurasoen konfidantza bereganatuz. Azken hauek askotan ikusten dutelako Gometxa eskolaz kanpoko ekintza baten moduan: umea tartetxo batez 'aparkatzeko' lekua.
“Onartzen dutenean ume bakoitza mundu bat dela, eta Gometxak mundu guzti horiek, umeen magia guzti hori hartu, batu eta unibertso bihurtzen duela, orduan benetan sinetsiko dute proiektuan”.