Izan ere, lasaitasuna sentimendu pribilegiatua dela ikusi dut. Esango nuke, beraz, ditudan pribilegioez hausnartzeko balio didala berrogeialdi honek. Nire etxea oso leku atsegina dela konturatu naiz, adibidez (ez argazkikoa bezain beste, dena den), eta amarekin harreman polita dudala ikusi dut. Tira, ez da orain konturatu naizela horretaz, baina orain daukaten balioa eman diet. Hor dago gakoa, bai.
Sare sozialetan borborka dabiltza, besteak beste, zaintza-lanen birbalorazioa egiteko beharra aldarrikatzen duten mezuak, edota “lan esentzialen” gaineko hausnarketak. Uste dut honelako galderak geure buruan bueltaka dabiltzala egun hauetan: zer nolako ondorioak (katastrofistak jarri gaitezke, bai) izan ditzake bultzatzen dugun sistemak etorkizunean? Nola egingo dugu bizitzak erdigunera ekartzeko behingoz?
Garrantzitsuena, ordea, zera da: galdera eta baieztapen hauek buruetan bueltaka egotetik, gorpuztera ere iritsi direla eta emozio eta sentimenduetan eragin zuzena izan dutela. Pentsatu nahi dut ez dela mundua gelditu, egunotan entzun dudan bezala. Produkzio ekonomikoa gelditu bada ere, bestelako dimentsio gizatiarrago batzuk inoiz baino gehiago mugitzen ari direlakoan nago, eta mundura egin dut salto, krisi honek mundua inoiz baino saretuago dagoela ere irakatsi digulako (nire pribilegioen baldintza ezinbestekoa da Ipar-Hego arteko harreman asimetrikoa ezta?). Baina zer nolako harremanak izatea nahi dugun galdetu behar diogu geure buruari; zer-nolako harremanak gure herriko atzerritarrekin, zer-nolako harremanak naturarekin, zer-nolako harremanak auzokideekin, zer-nolako harremanak gure etxekoekin...?
Bada, erromantiko jarriko naizela irudituko zaizuen arren, proposamen erradikal eta politikoa egin nahi dizuet: aprobetxa dezagun, ahal dugunok, behintzat, kapitalismoak bizitzari oparitu dion geldialdi hau geure barruko indarrak elikatzeko, zaintzeko eta hezteko. Hori izan baitaiteke bizitzea merezi duen mundu bat saretzen joateko ariketa ezinbestekoa.