Pentsalari frantsesak bere idazki hieroglifikoetan azaldu zuen gizakien gorputzen gaineko kontrola zenbateraino izan zen estatu nazioen egituraketaren oinarri. Hau da, gizakiak bere gorputzaren jabe izateari utzi zionean (medikuntzaren profesionalizazioaren bidez, besteak beste), erabakiak norberaren gorputzetik kanpo hartzea ahalbidetu zen. Eta ondorioz, gaur egun, edozein sintoma edota gaixotasun dugula baieztatzeko, profesional baten oniritzia bilatzen dugu beti. Edo beste modu batean esateko, osasunaren arloan, autonomia galdu dugu. Harrezkero, gure amonek ez bezala, ez dakigu gure gorputzen hizkuntza irakurtzen, ezta naturaren baliabideak ondo erabiltzen ere. Jada, gizakiok ez daukagu begirada integral hori erabiltzeko ohiturarik, eta horren arrazoietako batzuk ezagutzaren dibertsifikazioa eta espezializazioa izan dira. Erabaki politikoak; geure autonomia eta autogestioa eragotzi dituzten erabaki politikoak.
Adituek eta ondorio zientifikoek diotena zuzenean egiatzat hartzeko joera daukagu. Izan ere, “egia” gugandik kanpo ulertzera ohitu gara, askoz errezagoa baita erantzukizun hori beste batzuen esku uztea. Adibidez, nola erabaki koronabirusak eragindako kolapso egoeran zeintzuk diren bizitzea merezi dutenak? Galdera horrek edozein sentiaraziko luke deseroso, baina, askoz errezagoa da erabakien atzean arrazoi zientifikoak daudela sinestea. Guk adinekoen bizitza bigarren mailakoa izatea onartu dugu, heriotzara kondenatu, eta hori erabaki politikoa eta etikoa izan da. Arrazoi zientifikoak aitzaki, hilketa naturalizatu egin dugu.
Orain ere erabakiak hartzea dagokigu: adituek diotenari men egiten jarraitu nahi dugu, maiz, ezagutza objektiboaren bilaketa zentzugabekeria bilakatzeraino kontrajarri arren?Edo geure osasunaren kontziente izan?
Paradoxikoa da nola zientziak pentsamendu kritikoa eragotzi duen askotan. Horregatik, ezagutza sortzeko moduak birpentsatu behar genituzke. Errealitatearen konplexutasuna zatikatua eta harremanik gabekoa ulertzen jarraitzen badugu, ezagutzak ere mugatua izaten jarraituko du. Helburua ez da ekonomia eraldatzea, edo politika egiteko moduak aldatzea. Helburua, momentu honetan, begirada integrala eraikitzea izan beharko litzatekeela uste dut, osasuna politikarekin, ekonomiarekin, ingurumenarekin edota hezkuntzarekin lotua baitago, eta, zer esanik ez, baita emozioekin ere. Begirada unidimentsionala, beraz, eskasa geratzen da. Koronabirusak argi erakutsi digu munduaren izaera konplexua. Bada garaia naturaren legeei zor zaien arreta bueltatzeko.