Baina, zer dira letxuga eta tomatea ozpin eta oliorik gabe? Horixe bera! Merezi duen bizitza batek bizigarriak behar ditu izan! Beraz, bizitzak erdigunean jarri nahi baditugu, ezin dugu ahaztu jaiek ere leku berezia merezi dutela gure lehentasunen artean. Hori posible ez denean, akaso, bizitzaren amaieraz hitz egin dezakegu.
Egoera badakigu zein den eta aurten, behintzat, ezin izango gara edozein herriko jaixetan ibili. Beharbada, asmatu beharko dugu bizigarri originalak bilatzen. Jaiak beti izan dira gure egunerokotasuna zentzuz betetzeko aitzakia ederra. Kuadrilan urtero kontatzen diren istorioak eta grazia inoiz ere galtzen ez duten oroitzapen gehienak ere jaietan gertatzen dira. Konturatu al zarete?
Hilabete luzez jaiak prestatzen egoten gara, mozorro egunerako ideiarik originalena pentsatzen, txosnagunea montatzen, playbaka eta bajadarako ideiak eztabaidatzen... Txupinazo egunera arte urduritasuna pilatzen joaten da sabel aldean. Eta gero, pum! Txosnagunean denok dantzan musika aurrean, jolasak, bazkariak, bazkalosteko kafeak...
Tira, ez dizkizuet hortzak luzeegi jarri nahi, baina, ez didazue ukatuko hainbeste distantzia sozialen ostean, bizitzak bizigarri pixkat behar duenik. Hala ere, ez du zertan berehala izan behar. Hori bai, laster auzo eta herrietako jaiak hasiko dira, eta baliteke ezin ospatu egotea. Horregatik, ariketa osasuntsua izan daiteke faltan botatzen ditugula azaleratzea, gainera, gure herrian ez da berria jaiak politizatzeko joera.