Ama lurra eta euskaldunak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zuluaga Mauri 2021ko api. 27a, 12:12

XX. mendera arte ez ziren sortuko euskal mendi elkarteak, eta Bilbon lehenengoa sortuz geroztik, Euskal Herriko herri bakoitza berea izatera irtisi da. Euskal nazionalismoarekin batera hartu zuten indarra mendi ibilaldi horiek, batez ere, taldean egiten zirenak, eta, noski, ikurrina gailurrean aireratzean gorpuzten zirenak. Naturaren balioa, batez ere, norberaren eta taldearen identitatea eraikitzearekin lotzen zen.

Gaur egun, gauza gutxi aldatu dira mendiaren eta inguru naturalen atxikimendu ereduari dagokionez. Beharbada, zerbait teknifikatuagoak eta indibidualistagoak gara (gogora datozkit gailurretan egiten ditugun selfiak edota ibilitako pausuak -eta ia-ia arnasestuak ere- neurtzen dituzten erlojuak), baina oraindino naturak euskal identitatea performatzerako orduan duen garrantzia ezin uka daiteke.

Naturaren balioak, hala, gizarte modernoen kontsumismo edota arintasunarekin txirikordatu dira, eta gaur egun, hegazti, paisaia edota isiltasunaz gain, mendian behera ziztu bizian datozen bizikletak ikusi ohi ditugu, edota korrikalariak, goranzko bide aldapatsuetan.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi Euskal Herria naturarekiko harreman harmoniatsuan egon den herria garenik eta hori mantentzen dugunik. Are gehiago, maiz oso modu idilikoan agertzen dugun diskurtsoarekiko kritikoa izan nahi dut, eta ama lurraren egunaren (apirilaren 22a) aitzakiarekin esatera nator naturarekin dugun harremana ez dela osasuntsuegia. Alegia, naturari balio instrumentala ematen diogu gure aisialdian "haize freskoa" hartzeko erabiltzen dugunean. Eta duen berezko balioa ukatzen diogu bertoko ekosistema anitzak suntsitzeko zalantza izpirik erakusten ez dugunean. 

Euskal identitatea naturarekin lotuko badugu, beraz, ez gaitezen izan inozoak, ezta hipokritak ere, eta ez dezagun ahaztu ez dugula naturarekiko harremana inoiz ere sendatuko ama lurraren berezko balioa onartu ezean, ezta ere bioanistazunaren maitaleak bilakatzen ez bagara.