Hitz egin dezakegu zer bihurtu den BEC, bertan geunden 14.000 bertsozaleak benetan ginen bertsozale ala beste zerbait den honezkero finalaren egun handia. Horretan komunikabideen papera zein izan den ere komenta daiteke. Aipa genitzake txapelketan bertsolariek egindako lan bikaina, doinu berriak ateratzeko ahalegina, plazaratu dituzten gai eta ikuspuntu berriak. Agurtu genitzake txapelketa uztea erabaki dutenak, eskerrak eman geniezazkieke orain artekoagatik eta txapelketatik at ematen segituko dutenagatik. Azter genezake zergatik esan dioten agur lehiari, zein den horrek dakarren desgastea; edo zergatik animatzen diren bertsolariak txapelketara, ezinbestekoa ote den plaza-banaketaren bonboan egoteko. Eztabaida genezake ea bertsolaritza-tradizio bi dauden plazan elkarbizitzen. Txalotu edota kritika dezakegu epaileen lana, geure buruari galdetu zer zigortzen duten eta zer saritu, eta hala izan beharko lukeenetz. Sare sozialez ere hitz egin genezake: txapelketak sareetan sortutako oihartzunaz eta sareek txapelketan izandako eraginaz. Hainbat eta hainbat gai: periferiak, genero-ikuspegia, emozioak, antolakuntza bikaina, ariketa motak, umorea. Ez genuke inoiz amaituko.
Horretaz guztiaz hitz egin daiteke, baina oraindik aparretan gaude, eta hortaz gozatzeko momentua da, agian. Hori ere behar dugu eta. Eta aparra jaisten denean, beste guztia bistan geratu eta helduko diegu eztabaidei, banan-banan.