Nahiz eta eskolak bere jatorrizko izena berreskuratu, eskolaren URLak, interneteko kokapenerako, lehengo izena izaten jarraitzen du. Hori dela eta, Indautxuko Eskolako webgunearen arduradunarekin batzartu ginen beste guraso bat eta biok orain dela urtebete. Antza ez zen izan gai honen inguruan egiten zen lehenengo batzarra, beste gurasoren bat egon baitzen azalpen eske.
Arduradunaren esanetan, URLaren aldaketak webgunearen sitearen barruko edukietan nahiz informazioan eragina izatearen beldur zen, baita datu horiek galtzearen beldur. Alegia; hori da berak aurretiaz emailez azaldu ziguna.
Webgunearen arduradunarekin batzartu baino lehen, jakina, Google for educationeko kideekin hitz egin genuen, azaldutakoa argitze eta egia ote zen baieztatze aldera, gutako bat informatikan aditua da-eta.
Googleko adituaren arabera, URL aldatzea kontu erreza da eta aldaketak ez zuen webgunearen datuak galtzea suposatuko. Halaber, prest agertu zen Indautxuko Eskolako webgunearen arduradunarekin biltzeko, zalantzak konpondu eta gidatzeko asmoz.
Gauzak horrela, eskolako arduradunari izandako elkarrizketaren berri eman genion. Hala ere, betiko erantzuna jaso genuen: aztertu beharko zuela. Tarteren bat izatekotan begiratuko zuela, betiere erretiroa hartu baino lehen, denbora gutxi geratzen baizitzaion. Bestela, "bere ordezkoak egingo zuela" ere esan zigun. Hala ere, bide batez, berarekin batzartu ginenean Googleko adituari deitzeko saiakera egin genuen, ahalegina ezerezean geratu zen.
Adibide moduan, Enkarterriko Turtziozko eskolak izena kenduarazi zuen beste izen frankista bat izateagatik, den-dena "di-da" batean.
Horregatik, gutun honen bitartez egoeraren berri eman nahi izan dut, eta bide batez Indautxuko Eskolako arduradun batzuen indiferentzia eta kontzientzia eza salatzea. Beharbada, gogoko izango dute garai ilun bezain triste hori! 2017ko OOGko ebazpena osotasunean bete dezaten!