Bertako umeak eta etorkinen umeak elkarrekin ez egoteak arreta pizten du. Ziurrenik, egun normal batean elkarrekin arituko dira ikasgunean, jolasean, edo batek daki. Baina, egiari zor, gaur egungo Hego Euskal Herrian adin txikikoak espainolez aritzea ez zaigu batere normal iruditzen.
Aurreko anekdota ez da asmatutakoa. Gutariko batek Orion behatutakoa da. Orio, 6.000 biztanleko udalerria, UEMAn dago, eta arnasgunetzat hartu daiteke. Datuen arabera, euskararen erabilera handikoa omen da (2019an % 72), nahiz eta datu hori sinestea zail egiten zaigun. Izan ere, euskararen erabileraren datuetan kosmetika asko erabiltzen dela begibistakoa da. Orion ikusitakoa, zoritxarrez, Hego Euskal Herriko edozein hiritan edo auzotan gertatzen da. Are txarrago, bertako umeak ere espainolez aritzea ez da oso arraroa. Zer gertatzen ari da?
Euskal Herrian, 1989tik euskararen kale erabileraren neurketa sistematikoa egiten da. Azken bi neurketetan, 2011n eta 2016an alegia, euskararen erabileran jaitsierazko joera argia azaldu da, adin tarte guztietan. 2016ko kale neurketan behatutakoen % 12,6 soilik ari zen euskaraz, 1989an baino pixka bat gehiago (ordukoa % 10,8koa zen). 27 urteotako jauzi kuantitatibo izugarria! Emaitza ezin hobea! Aurten burutuko den kale neurketan, gainera, jaitsierazko joera areagotuko delako susmo zabala dago euskaltzaleon artean. Datu hauek zaharrak eta ezagunak izanagatik ere, oso larriak dira, eta agerian uzten dute, benetan, euskararen berreskuratze prozesurik ez dagoela. Oraindik ere, euskarak kostata bizirauten du, etengabeko erasoen artean. Gure hizkuntzaz arduratzen diren politiko, funtzionario eta soldatapekoak lan negargarria egiten ari dira. Elebitasunaren diskurtsoa landu, eta praktikan jokaera espainol eta frantsesa daukate. Izan ere, euskal gizarteak hizkuntza arrotzetan funtzionatzen du nagusiki. Baina, noski, euskararen egoeraren ardurak norbanakoarenak dira. Behin eta berriro euskaldunok gauza guztien errudunak gara.
Datu kezkagarri hauen aurrean, zalantzarik gabe, arrisku/desoreka faktore guztiak aztertu behar dira, eta konponbide ausartak indarrean jarri. Era honetako artikulu labur batean ezin da gaiaren inguruko analisi sakonik landu. Hala ere, eragin handiko gai polemiko bati helduko diogu, beldurrik eta lotsarik gabe: etorkinak eta euskara. Gaur egun ez dugu inolako analisi eta ekimen seriorik ikusten gai garrantzitsu honen inguruan. Zoritxarrez, autokonplazentzian murgilduta gaude, gure zoriontasunean munduko herri aukeratua garela pentsatuz. Etorkinen gaia modan dago, eta horren inguruan politikoki zuzenak diren gauzak baino ezin daitezkeela esan ematen du. Aniztasunaren aldeko diskurtso txotxolotik urruntzeak arrazista deitua izateko arrisku bizia ekar dezake. Hala ere, gauzak bere gordinean esan behar dira, batzuen gustukoak ez izan arren. Etorkinak ez dira inolaz ere gaur egun euskarak pairatzen duen egoera diglosikoaren erantzuleak. Hala ere, hurrengo urteetan, etorkinen eragina euskararen bilakaeran faktore garrantzitsua izango da.
Euskal Herri modura iraun nahi badugu, etorkinen gaiaren kudeaketa egokiak berebiziko garrantzia dauka, soziologikoki, ekonomikoki eta linguistikoki ere. Gaur egun, etorkin asko zaintzan, dendetan eta tabernetan aritzen dira, eta hizkuntz ohituretan daukaten eragina gero eta nabarmenagoa da. Duela gutxi, gutariko bati gertatutakoa jar daiteke adibide modura. Ordiziako Herrikora joan eta zurito bat espainolez eskatu behar izatea harrigarria da, negargarria ez esatearren. Zer gertatzen ari da Euskal Herrira datozen etorkinekin? Nola bertakotzen dira Euskal Herrian? Euskaldun modura? Ala espainol/frantses modura? Erantzuna ezaguna da. Datuak hor daude, ikusi nahi duenarentzat, behintzat. Etorkin gutxi batzuk euskaldun modura bertakotzen dira. Zinez, hori txalotzekoa da, eskatzen dien ahaleginagatik. Zoritxarrez, etorkin gehienak frantses edo espainol modura bertakotzen dira, XX. mendearen bigarren erdialdean bezala. Hegoaldean gauzak ez dira gehiegi aldatu Francoren diktaduraren garaitik, ez behintzat, arlo honetan. Eta zer egin dezakegu abiada handiz datorkigun “normaltasun” berri honen aurrean? Ez dezagun ahaztu etorkinen jaiotze tasa euskaldunena baino nabarmen handiagoa dela, eta bertakotu gabe jarraituz gero, hizkuntz ordezkapen azkarra gertatuko dela.
Etorkinak gurera ailegatzean, Espainiara edo Frantziara etortzen direla pentsatzen dute. Egoera aldatu nahi badugu, etorkinak herri kontzientziatua ikusi behar du gure kaleetatik ibiltzean. Iritsi berriak beste hizkuntz errealitate edo leku ezberdin baten aurrean dabilela jabetu behar du. Baina, “hemengo” herritar asko bertakotu gabe daudenean, nola eskatu ahal diegu etorkinei bertakotzeko? Gure ustez, bertakotu gabeko “hemengoak” eta etorkinak maila berean daude, eta berdin tratatu beharrekoak dira.
Bere garaian estatua izan ginen, baina, zoritxarrez, gaur egun ez. Zalantzarik gabe, horrek gure eragiteko ahalmena mugatzen du. Herrialde boteretsuek, estatuaren izaerak ematen dien boterea baliatuz, bertako hizkuntza jakitea ezinbesteko baldintza jartzen dute herritartasuna onartzeko. Urrunago ailegatzen direnak ere badaude, Letonia, adibidez. Bertan, Letoniako historia eta kultura ezagutzea ezinbesteko baldintza da herriarekiko lotura juridikoa eskuratzeko. Euskaldunok espainola edo frantsesa jakiteko behartuta gaude, eta egoera onenean, euskara erabiltzeko eskubidea daukagu (botere kolonialen nahien arabera). Katalunian, estaturik ez izan arren, hizkuntz kuotak arlo ezberdinetan ezarri dituzte katalanera normaltze aldera. Urratsez urrats, azkenengo hamarkadetatik hona, herritartasuna ematen dituen onurak jasotzeko, katalanaren ezagutza eta erabilera beharrezkoak dira. Hemen zergatik ez? Estaturik ez dugu behar holako urratsak emateko.
Bada ordua euskara ezinbesteko baldintza izatea erroldatzeko, dirulaguntzak jasotzeko, kontratuak esleitzeko, oposizioetan lanpostu publikoak lortzeko,… Euskal herritar guztioi arau berdinak ezarriko genizkieke, euskalduna izan, bertakotu gabeko “hemengoa” izan, edo etorkina izan. Ezberdintasunik ez. Horretarako, legezkotasun kolonialisten gainetik jauzi egin behar da, euskararen herria eraikitzen hasteko. Jakitekoa litzateke alderdi abertzaleek eta eragile euskaltzaleek zein planteamendu daukaten gai honen inguruan. Orain arteko jarrera epelak gure aurka bueltatu dira oso azkar. Gaur egun, euskara alderdi abertzaleei oztopoa zaiela ematen du, eta beraien eguneroko praktikan islatzen da. Eragile euskaltzaleei buruz ezin da ezer esan. Izan ere, azken urteetan ez dute ganorazko ezer egin.