Orduko gimnasioko begiraleari, mesedez, ETB1 katea ipintzea eskatu nion, telebistak eta irratia eurek piztu eta aldatzen dituzte-eta. Ai ene bada, ETB1 katea ez zen agertzen telebista horren zerrendan! Eta gainerako telebistetan, gauza bera gertatzen zen. Kateak birsintonizatzen saiatu zenean, gabezia areagotu zen. Ezin hutsean. Antza, arazo teknikoren batek eraginda. Ordura arte horretaz inor ez konturatzea bitxia iruditu zitzaidan, indiferentzia eta utzikeria agerian. Hortaz, ez zirudien oraintxe bertoko arazoa zenik, aspaldikoa baino.
Biharamunean, beste begirale bati “Euskadi Gaztea” irratiaren seinalea jasotzeko iruzkindu nion, ze euskaraz zeozer entzun nahi nuen-eta. Berez, “Euskadi Gazteak” bost abestitik bat euskaraz jarri ohi du, gainontzekoak frantsesez, espainieraz, ingelesez, galegoz edo auskalo zein hizkuntzaz. Izatez, neutrotzat jo ahal den musika irratia da estilo ezberdinengatik, eta neurri batean euskarazko musika sustatzen duena. Begiralearen iruzkina izan zen gimnasio batean euskarazko musikak txarto ematen zuela. Bere esanetan, beste estilo batzuk horretarako egokiagoak ei ziren: “reggaeton eta abar”. Hala ere, musika mota bera “Euskadi gaztean” topatzerik bazegoela aipatu nion. Beste azalpen bat zen euskaraz ezin zela entzun, antza, kokaleku motagatik, beste erabiltzaileak aztoratu ahal zirelako beldurrez (euskara nahasmenduzko gauza balitz bezala). Argudioak argudio lortu nuen.
“La Casillako” harrera guneko langileek gomendatuta, Bilbao Kirolak erakundearen webguneko “Entzuten Zaitugu” atalera jo nuen. Egin eta berehala, emailez erantzun zidaten, nirekin egun gutxitara arduradunen bat harremanetan ipiniko zela esanez.
Aitzitik, hitzordua heldu aurretik, beste gertakizun bat izan nuen begirale ezberdin batekin, mesedez “Euskadi Gaztea” jartzea eskatzeko orduan. Hasieran, beste erabiltzaile batek " "Los 40"eskatu ziola erantzun zidan. Baina, di-da batean itzuli, eta ea egunero gauza bera eskatuko ote nion galdetu zidan, ze euskara jendeari inposatzen bainion, espainiera ere ofiziala zela azpimarratuz. Egun hartako kirol saioa amaitzear, berari lasaitasunez galdetu nion ea ohiko kanalak erabiliz Udala jakitun ipini behar nuen nire eskakizunak betetzeko. Hau mehatxutzat hartu zuen, eta berak hor agintzen zuela esan eta harrera gunera laguntzeko ere erantzunda, ni kanporatzeko edo hango arauen berri ni ipintzeko helburuz. Jakina, kexa bana bideratu nituen, berriro Udaleko “Entzuten Zaitugun” eta Behatokian, Euskararen eta Erabiltzaileen legeen urraketagatik.
Hitzorduko arduradunak, “Guedan” enpresakoak, bazekien ordura arte gertatutako guztia, baita azkenengo gertakizunarena ere. Hizketaldia gazteleraz egin genuen, nahiz eta ni hasieran euskaraz saiatu. Bera ulertzeko ozta-ozta gai zen, eta hala nahi zuen-eta. Pasarteko momentu batean aurpegiratu zidan ea nik euskara inposatu nahi nuen. Nik ezetz esan nion, nire eskubidean nengoela. Berak han emandako urte guztietan ez zitzaiola gertatu inoiz hori bezalakorik esan zidan arduradunak. Beti denetarako egoten dela lehenengo biderren bat erantzun nion, euskarazko ETB1 katea ez sintonizatzearen utzikeria azpimarratuz. Amaieran, arazo teknikoak konpontzeko egun batzuk uztea eskatu zidan.
Hurrengo egunean, telefonoz deitu zidaten, "Bilbao Kirolaken" ustezko konponbidea: irratien % 50 euskaraz, "Los 40" eta "Euskadi Gaztea"; hau da, lehen kasuan euskararik ez, bigarrenean bosten bat. Bestalde, hiru telebistetatik bat euskaraz beti egotea. Berriro, euskara inposatzen nahi ote nuen galdetu zidaten, eta bakoitzak bere entzungailuak eroan ditzakeela, gogokoa entzuteko.
Laburbilduz, euskaldunok ez dugu molestatu behar, eta menpeko izan behar gara gure lurrean. Erdaldunek, ordea, inongo eskaera egin beharrik gabe, eurena entzun dezakete arazorik gabe. Beraz, espainiera erabat inposatuta sufritu behar dugu, gauza neutrotzat jota, eta euskara, aldiz, subertsibotzat hartuta. Bilboko udal administrazioa euskarafoboa al da? Euskararekiko jarrera arbitrarioa da? Ala utzikeria da? Antza, Euskaraldia ez da Bilboko kirol instalazioetara ailegatu, eta bertako sindikatuak isilk, beti bezala.