Bestelako arazoak badaude ere, errotik pozoia dario Hezkuntza sistemari. Izatez, matrikulen bidez lortutako informazioa ez da baliatzen berez etxean abiatutako euskalduntzea indartzeko. Hau da, ume euskaldunak ez dira elkartzen euskararen erabilera ziurtatzeko (teoria soziolinguistiko guztiek esaten duten moduan). Ikastetxetako arduradunek ume euskaldunak gela ezberdinetan sakabanatzen dituzte, ikasle mota ezberdinen aniztasunaren izenean. Ondorioa agerikoa da, euskal hiztun txikiak bere euskararen gutxiestea jasaten du, bere giroan ez egoteagatik. Horrek ondorio larriak eragiten ditu. Ume euskaldunek autoestimua galtzen dute, baztertuak izatearen beldur, eta berehala asimilatuak dira erdararen zabalean, non eta euskara hutsezko ereduan bertan.
Euskara hutsezko ereduko erdal umeei dagokienez, ikastetxean ez dute euskara mintzatua irabazten. Gaztelania zein frantsesa bere mingainen erosoan mantenduko dute. Kasurik onenean zerbait mordoilotuko dute euskaraz maisu-maistren gozamenerako. Izan ere, hezkuntzan gertatzen ari den arduragabekeria asko irakasleen utzikeriagatik gertatzen dira. Horrela, erdal umeak euskararen entzule pasibo bihurtzen dira gehienez. Beraz, ikastetxean benetako euskarazko murgilketarik gabe geratuko dira.
Gauzak horrela, baskongadetako hezkuntza lege berriaren PROPOSAMENAREN inguruan EAJk, PSOEK, EH Bilduk eta EPk adostutakoak larregi ez du argitzen. Hona hemen bi zertzelada:
- "Eredu eleaniztuna izango da. Behin LH eta DBH amaituta, B1 eta B2 tituluak, hizkuntza bietan, ikasleei emango diezkiete, hurrenez hurren, eta euskara ere ardatz izango du, beti lekuan lekuko hizkuntz gunea kontuan hartuta"
Euskararen murgilketaren aldeko apusturik ez dago. Hau da, ikastetxe bakoitzak nahi duena egingo du, kontrol seriorik gabeko gaur egungo egoeran. Berez gaurko D eredua eleaniztuna bada, espainiera eta ingelesa irakasgaiak irakasten dituztenean, batez ere, Hego Euskal Herrian. Kontua da, ziurrenik, beste irakasgai bat gehiago sartu nahiko dutela ingelesez euskarari kenduz eta kaltetuz. Hala bada, erabat ulertzen da nahita ez aipatzea murgilketa eredua.
- “Beren ingurune soziolinguistikoak (lekuan lekuko hizkuntz gunea) eskatzen duen neurrian, helburuak lortuko ditu”
Gune erdaldunduko ikastetxe batek, bere hizkuntza eta hezkuntza proiektuak egiteko orduan, autonomia eta ahalmena izango lituzke lortu beharreko euskara maila ederto kamusteko. Horrela, euskararekin lortu beharreko B2 helburutik urrun egonik, erdarari lehentasun gehiago emango liokete. Baina, Euskal Herriko txoko batzuetan (Bilbo Zaharreko San Frantziskon, adibidez) swahili eta arabiera izan daitezke hizkuntzarik mintzatuenak. Orduan, ingurune soziolinguistikoagatik, laster helduko dira irakats hizkuntzak izatera.
Gaur egun, DBH gainditzean, B1 ematen zaie euskaraz ikasi duten ikasleei. Hala ere, kasu askotan euskararen jariotasunik eza agerian geratzen zaie ikasle askori. Azkenengo ikerketek hori baieztatzen dute, hamarretik lauk behar besteko ezagutzarik ez baitauka. Beraz, euskararen exigentzia maila B1-tik B2-ra igotzea, ingeles gehiagorekin eta benetako euskarazko murgilketarik gabe, nola ziurtatu nahi dute hori benetan? Bigarren hezkuntzaren gutxieneko mailara iritsita, B2 titulua doan emango zaie? Irakats sarean sartu nahi duten gaztelaniak zenbat ehuneko gehiago izango luke izan ohi duenaz gain?
Erabaki ausartak behar dira ume garaitik nerabera arteko euskararen transmisioa zein erabilera ziurtatzeko. Hau da, benetako hizkuntz murgilketa behar da. Ume euskaldunen taldekatzeak euskara babesten du, euskara ardatza izanda. Aldi berean, umeak beste hizkuntza ezberdinak jasoko ditu inguruko erdaren nagusigorik barik, frantsesa eta espainiera.
Era horretara eta nola ez bestela, euskal hiztuntxoak txikitatik adibide ezin hobe bihurtuko dira erdal umeei begira, ze euskaraz hitz egiten entzungo baitituzte erdalduntxoek Hortaz, bada garaia alderdi politikoek adostutako hezkuntza legearen zirriborroak ume guztientzako euskarazko murgilketa jaso eta bete dezan. "Arnas Dezagun" ekimenak proposatzen duena beharrezkoa da euskara bizirik mantentzeko.
Baskongadetako Hezkuntza sailburuaren esaldia ahotara ekarriko dut. D ereduko ikasleen euskararen ezagutzaren porrotaren ehuneko baten harira, ez dugu zertan "unibertsitate amaierako argazkiaren zain" itxaron, ordurako, oasi gabeko lorea etzango da basamortuan!