Goiza berri onenarekin hasi zen, eguzkia ageri zen zeruan eta aurreikuspenek, egun osoan euririk egingo ez zuela zioten. Guk horrela nahiago, noski, baina euria izatekotan ere lasai geunden, jai batzordeak ordaindutako kristoren karpa baikenuen. Parentesi moduan, aprobetxatu nahiko genuke, beste behin ere udalari auzoko plaza estali dezala eskatzeko, auzotarron onurarako.
Goiza etxeko txikientzako egon zen bideratuta; Bizitegi, Eise, Goizalde eta Gaztegunearen eskutik hainbat tailer izan genituen, eta goiza indartsu bukatzeko, 1,2,3, festaren disko festa hasi zen, txikienek dantza zezaten.
Eguerdian, indarrak hartzeko bazkari herrikoia izan genuen auzoko plazan, bertan, ia 100 lagun batu ginen Pa...Ya konpartsak prestatutako menu goxoa dastatzeko. Indarrak hartu eta kafearen ostean, Arbolantxara igo ginen denok, han hasten
baitzen inauterien kalejira. Bertan, auzoko kuadrila desberdinak batu ziren, Otxarkoagako kaleak kolorez eta alaitasunez betetzeko asmoz. Kalejiran Peaky Blindersak, planetak, txorimaloak, Willyren bila edota orientetik ekarritako dantzak flamenkoarekin nahastuta eta beste hainbat mozorro desberdin ikusteko aukera izan genuen. Lan zaila aurtengoa epaileentzat. Eskerrak epaileak kategoriazkoak zirela; Alvaro, Karlos eta Ainhoa. Lehenengo biak, Bilboko zinegotzi eta gure auzokideak dira, eta Ainhoa, jai batzordeko ordezkaria.
Kalejiraren ostean sariak banatzeko momentua iritsi zen. Lehenenik mozorro lehiaketarenak, hauetan, Goya sarietan bezala, berdinketa egon zen lehenengo sarian. Eguneko azken sari banaketa Mahatserri Kultur Elkarteak antolatutako
tostada lehiketarena izan zen, honetan ez zen berdinketarik egon. Epaileen esanetan, irabazleak hain goxo prestatu zituen tostadak, erabakia hartzea lan erreza izan zela.
Eguna bukatzeko Dj Alex etorri zitzaigun bisitan ta denok jarri gintuen dantzan. Lehenengo ordua txikienei eskainia izan zen, eta umeak lotara joan zirenean jaiak jarraitu zuen, musikaz eta giro politarekin. Hauek izan dira aurtengo Otxarkoagako inauteriak, geroz eta partaidetza handiagoarekin eta egitarau herrikoi eta
anitzagoarekin, ez itzazu galdu hurrengo urtekoak!