Auzoko adineko bikote baten erailketak, segurtasunaren inguruan zabaldu den kezkak edota zabalpen handia izan duten zenbait hedabidek eta plataformek emandako albisteen kutsu arrazistak Otxarkoaga askoren ahotan jarri dute, eta berriro ere auzoa estigmaz bete dute.
Horregatik auzotarrek, lehen baino indar eta amorru gehiagorekin, bat egin dute. Erakundeei zerrendatu dizkiete egunerokoan pairatzen dituzten arazoak. Eskari hutsean geratu barik, kontuak eskatzea eta emango diren urratsen kontrola egitea erabaki dute. Besteak beste, Aburto alkateak adostu nahi duen Segurtasunerako Itunean parte hartzeko eskaria luzatu du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak. Ituna hiritarrei zabaltzea funtsezkotzat jo du.
Eta bitartean Otxarkoagako auzotarrek euren harrotasuna aldarrikatzeko beharrizana sentitu dute. Hain izan da handia egunotan eragin dieten kaltea. Horregatik erabaki dute lau haizetara zabaltzea "Otxarkoagakoa naiz eta harro nago" mezua.