Hori bai, orain badakigu zer edo zer gehiago giza-prozesuen erritmoez eta eskarmentu hori baliatuz dihardugu. Beraz, gure atari digitalaren izenak ez zaitzala nahas: bilatzen duguna ez da uriola bortitz bat baizik eta mila iturritatik hornituko den marea gora lasai bezain ekina, marea beherarik onartuko ez duen goranzako bulkada alaia.
Gure goranzko mareak ur asko behar du baina horrek ez gaitu kezkatzen. Ondo etorriak dira gurera zirimiria eta eurijasa, ur-zirrista apala zein ibai emaritsua, lur azpiko ur gardena zein goi mendietatik datorren uhar bizia. Horietako bakoitzak bere kolorea, bere osagaiak eta bere tenperatura izango ditu eta denen artean sortuko duten mizturak, orain bai, metropoliko zirrikitu guztiak blaituko ditu.
Jar dezagun bada gure tantatxoa saretik hasita euskarak Bilbo har dezan!