Batua eta euskalkia

Erabiltzailearen aurpegia Pedro Zuberogoitia 2018ko ots. 6a, 15:08

Artikulu honek bost urte ditu, baina Iñigo Martinezen agurra dela-eta, euskalkia-batua eztabaida denon ahotan dabilen honetan esango nuke ez duela gaurkotasunik galdu.

GEURE EUSKUARA (I) 

Bizitzan lantzean behin gertatzen diren kasualitate horietako bat dela medio, hemen gaude bi etxebarritar 2012ko udaberrian Bizkaiko Hitza-ko barikuko zutabean txandaka idazten. Biok gara jipien hamarkadan jaiotakoak, umetan biok ikasi genuen Markina-Xemeingo Vera Cruz mojen kolegioan (gaztelaniaz, jakina) eta gaztetan biok finkatu ginen gure jaioterritik kanpo, bata Gipuzkoan, bestea Bizkaian. Hortik aurrera, gure ibilbideak alderatuz ezin da aurkitu kointzidentzia handirik kolaborazio hauetan erabiltzen dugun euskara salbu: itxura batean biok daukagu argi plaza honetan batuan idaztea dela egokiena.

Ni neu idazterako orduan planifikatu barik heldu naiz erregistro bakoitza noiz erabili behar dudan hautatzera. Publiko zabalarentzat edo hiri giroan bada, euskara batuan; eskualdeko jendeagaz, bizkaieraz eta, azkenik, lagun minekin, bi eratara: hirikoekin batua librean eta herrikoekin eztok eta baidoka. Halandabe, beti sortzen dira zalantzak. Egunkaria-k berak, Bizkaia gehigarria abian jarri zuenean lehentasuna eman zion euskalkiari, nahiz eta jakin irakurle eta harpidedun multzo handia zeukala Euskal Herriko metropoli bakarrean, hau da, funtsean euskalkirik ez duen inguruan. Egia esan, Aldundiarekin lortutako hitzarmenak ere izan zuen zerikusia erabaki hartan. Urteak geroago, aldiz, Bizkaiko Hitza-k batuaren aldeko apustua egin du eta bide beretik jo du Hamaika Telebista-k.

Baten bat guzti honek zer garrantzia duen egongo da pentsatzen. Bada, esango nuke ez dela kontu hutsala, bereziki ahozko komunikazioaz ari garela. Asko dira oraindik euskara estandarra, artifizialegia dela iritzita, irentsi ezinik dabiltzanak; era berean, beste askorentzat gehiegizkoak dira bizkaierako aldaeren kontrakzioak eta elipsien dantzak. Batzuek zein besteek atzeraka egingo dute euskara entzun orduko, ez baitira gustura sentituko eta ikasketa negatiboen multzoan kokatuko dute bizipen hori. Hortik datorren hurrengo pausoa badakigu zein den: gaztelaniaren erabilera.

Beraz, funtsezkoa da erregistro egokia erabiltzea une bakoitzean. Batzuetan gaitza da aukeratzea: Euskadi Irratia-n lau kontutxo esatea egokituz gero, zergatik ez egin ahalik eta bizkaiera garbienean? Beste alde batetik, ez da ariketa polita batua ahalik eta gehien blaitzea norberaren euskararekin? Baiezkoan nago. Biak dira hautu zuzenak eta asko gara batetik bestera saltoka ibiltzen garenok. Ez da harritzekoa, biek baitaukate alde onik. Bizkaierak adierazkortasuna eta musika ditu bere alde; batuak, berriz, zehaztasuna, bereziki aditzekin. Izan ere, zoritxarrez ahozkoan erdi galduta daude bizkaerako hainbat aditz-forma funtsezko, adibidez gure inguruko ziñuazen (zenbat bider entzun eta esan dugu “ikusi zaitxuten”,  batuerako “ikusi zintudan”-en pareko legez!).

Gaurkoz hemen utziko dut kontua, lehen egunean urrutiegi joatea ez da komeni-eta, badaezpada be (eta ez porsiakaso sasijatorra).