Hasi orduko esango dut: azken hamarkadotan erabili ditugun kategoria soziolinguistikoak ez naute asebetetzen, eta sentipen hori ez dator apeta batetik baizik eta ez dutelako ondo islatzen gure kaleetan aurkitu ahal duguna. Beraz, hurrengo lerrootan esandakoa argudiatzen ahaleginduko naiz, eta, aldi berean, baita erabileran aurrera egiteko baliagarri izan ahal diren gakoak ematen ere.
Lehenengo eta behin, euskaldun guztiok gara aldi berean edo gazteleradunak edo frantsesdunak, euskaldun elebakarrak aspaldi joan baitziren. Halere, euskaldun huts bezala ageri gara inkestetan, gazteleradun huts direnen parean bageunde bezala. Hobeto uler dezazuen eta Hego Euskal Herriaz ari naizela: koloretako ataletan –bakoitza dagokion ehunekoa jasoz– banatuta agertzen diren borobil horiek kolore bakarra izan beharko lukete hondoan, gaztelaniarena. Bertan biztanleriaren % 98 inguru sartuko ginateke, hau da, etorri berri gutxi batzuk izan ezik, guztiok . Gero, euskaldunok beste kolore batean agertuko liratekeen puntutxo legez azalduko ginateke borobil horren zati batean.
Bigarren zehaztapena inkesta soziolinguistiko askoren metodologiaren ingurukoa da. Askok dakizuenez B eta D ereduetan eskolatutako ume eta gaztetxoak automatikoki sartzen dira euskaldun osoen kategorian. Bistan da irizpide hau, kasurik baikorrenean oso eskuzabala dela, eta txarrenean distortsio-sortzaile garbia. Izan ere, kategoria berriak beharko genituzke azken 25 urteotan sortu diren zenbait hiztun berri izendatzeko.
Izendapenak izendapen, murgil gaitezen zenbakien itsasoan. Deustualdean, 2016ko erroldaren arabera, 47.600 lagun bizi ginen. Teorian horietatik 14.652 gauza gara euskaraz berba egiteko. Gorago esandakoa kontuan hartuz, litekeena da horietako heren bat ez izatea hiztun osoa. EUSTATeko datuekin jarraituz, euskaraz ulertzen zutenak (eta kasu askotan zerbait mintzatzeko gauza zirenak) 9.225 ziren. Beraz, bi multzoak elkartuz 23.877 lagunez osatutako multzoa ateratzen zaigu, hau da, biztanleriaren % 50.16a.
Hau da gure joko-zelai, orain bakoitzak ikusi behar du zelan bideratu Euskaraldiarekin datorkigun erronka. Joko-zelai idatzi dut baina agian egokiagoa litzateke jolas-zelai edo olgetaleku bezala irudikatzea. Izan ere, esango nuke ekimenaren arrakastaren zati handi bat hartuko dugun jarreran datzala. Nik neuk ariketa sozial erraldoi eta zirarragarri baten erara hartuko dut, lasai eta ziur sentituz euskara ohiko giro/pertsonetatik harago eskainiko dudanetan. Besteek lasai ikusten bagaituzte erronkaren zati handi bat eginda dago, berdin da une hori lagunekin, lankideekin edota beste hamaika kontutako kideekin bizitzen ari garen.
Amaitzeko, bi kontu garrantzitsu. Bat, aldaketa, kolektiboa izateaz gain (“Bakarka ezin da!”), graduala ere izango da kasu batzuetan. Euskaraldia ez da bukatutako abenduaren 3an, datorren urteetan ere izango da non eta norekin egin. Eta bi, hobe da indarrak neurtzea eta persona kopuru mugatu bat aukeratzea hizkuntza-ohiturak benetan aldatzeko. Behin jomuga zehaztuta komeni da lanketa gaurtik hastea: esaldi parea lehenengo, watsapa ondoren, tartetxoa lagun euskaldun petoa hurbildu dela baliatuz… Pausotxo bakoitza urregorria izango da, ez izan zalantzarik, eta horrela azaroaren 23an ez da balentria berezirik egin beharko.