uriola.eus

Osasun publiko unibertsala eta doakoa eskatu dute pentsiodunek beste behin

Erabiltzailearen aurpegia   Jendartea
Aurreko astean Basurtuko Ospitalean egindako elkarretaratzeari jarraipena emanez, gaur, goizeko 11:30ean, Gurutzetako ospitalearen aurrean bildu dira hainbat pentsiodun, osasun zerbitzu unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa exijitzeko.

Pentsionistak Martxan plataformak deituta, bigarren elkarretaratze bat egin dute pentsiodunek gaur goizean Gurutzetako ospitalean "Osasun publiko, unibertsala, doako eta kalitatezkoa, kopagorik ez!" lelopean. Protesta berarekin pentsio duin bat aldarrikatu dute, hau da, "pentsio sari bakar bat ez egotea hilean 1.000 euroren azpitik".
 Aurreko asteko protestan bezala, gaurkoarekin ere azpimarratu nahi izan dute, azken urteetan, "dekretu eta erreforma ezberdinek etengabe erasotu dutela Pentsio eta Osasun Publikoaren sistema". 2011, 2012, 2013 eta 2014an pentsio sarien izozketa eman da; 2012an botika eta osasun prestazioen berrordainketa ezarri zuten; pertsona adinduen Mendekotasun Legearen bazterketa jazo da; pertsona adindunak artatzeko diru laguntzen zein pertsona adindunen egoitzetako artapenaren kalitate murrizketa etengabekoa da; eta prestakuntza bereziko langileen falta dago egoitzetan, besteak beste. Era berean, mendekotasuna pairatzen duten gizon eta emakumeen bizi kalitatea hobetzeko Administrazio Publikoak ahalegin berezia egin beharko lukeela argi daukate.

Gauzak horrela, Osasun Zerbitzu Publikoaren arloko eskari zehatz bat aldarrikatu dute: "Egoitzetan dauden 100 gizon-emakume bakoitzeko prestakuntza bereziko 100 langile egotea. Horrela, han dauden egoiliarrei kalitatezko arreta bermatu ahal izango zaielako; elikadura egokitu bat, edota soinaren higiene beharrezkoa, besteak beste". Halaber, pentsiodun bakoitzarentzat, egoitza batean egon ala ez, gutxienez hilero 1.000 euroko diru sarrera eskatzen dute, bere mantenuaren berme bezala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa