Atzo,azaroak 14, Arabako Pentsionistak lanean, Gipuzkoako Duinak eta Nafarroa eta Bizkaiko Pentsionistak Martxan Plataformek 2014ko bigarren asanblada egin genuen. Goizeko 10:30 etan Amurrioko Antzokian genuen hitzordua eta landuko genuen gai nagusia oso eguneko gaia: nola prestatu litekeen Euskal Herriaren independentziaren bidea, eta ze panorama suposatuko lukeen gure eguneroko bizitzan. Gaia jorratzen hasteko Txutxi Ariznabarreta izan genuen gurekin, Independisten Sareko arduraduna. Han geundenok erraz ulertzeko moduan mahai gainean jarri zuen gaia eta denboraz neurtuak bagenbiltzan ere, nahikoa arrazoi jarri zuen gero han bildu ginenon artean partehartze bizi bat eragiteko. Lehen eta behin argi adierazi zuen independentziaren aldeko oihuak urte luzeak daramatzala gure artean baina une honetan egin behar den bidea zerbait gehiago dela: garaia da aldarrikapen batetik pasa eta zehaztasunetan sartzeko. Independentziak bultzatzaile batzuk behar ditu eta ez bi edo hiru taldexka baizik gizartearen zati oso nabaria. Gaur arte errazegi pentsatu izan du jendeak independentzia politikoen eskutik etorriko zaigula. Hori amets hutsa da, oinarririk gabekoa. Independentzia ez da lortuko bulego batean, kalean baizik. Baina kaleetan deiadar hori indartsu ager dadin, jendeak arrazoiak izan beharko ditu kalera jaisteko. Eta arrazoi horiek ez ditugu iraganean aurkituko. Gaurko gizon-emakumeok barne-barnean sentitu beharko dugu gaur egun erabakiak ez daudela gure esku, erabakiak gutxiengo baten interesetan hartzen direla,hau da demokrazia utsala dela gaurkoa; sentitu beharko du egunero pairatzen ditugun gabeziak eta horrenbeste sufrimentu eragiten duten egoerak konpontzeko justizia sozial benetakoa behar dugula; ez dagoela inolako ezinik gure artean dagoen miseria, pobrezia eta gabeziak ez gainditzeko. Eta euskaldun bezala gure nortasunaren eta kulturareren eta hizkuntzaren kontra jotzen duen sistema hau desegiteko bide bat izan daitekeela independentzia. Bide bat: inork ez dezala pentsa independentzia besterik gabe erremedio bat denik. Baina egia da gaur konpon biderik ez duten egoera horiek konpontzeko aukera gehiago izango genukeela gure erabakien jabe izango bagina.
Gisa horretako hausnarketak bete zuen gure barnea eta hala sortu zen Txutxik jailkitako ideien ondoren jendearen artean elkarrizketa. 150 pentsiodun erabat gai horretan sartuta. Nire baitan pentsatu nuen: eta hau gaur Amurrion, bihar Irurtzunen, hurrengoan Astigarragan eta euskal herri eta auzo guztietan sortuko balitz, ez al genuke sortuko independentziaren bidean orain arte eman ez diren urratsak ematea?
Amaitzeko, Urduñan genuen bazkal ordurako deia. Hara helduta, eta atsegin handiz jaso genuen, bertako alkateak egin zigun ongietorria. Bidenabar herriko zenbait goraberaren berri eman zigun eta ondoren bazkaltzeko ordua bitartean geratzen zitzaigun orduerdia inguruko kaleetan eman genuen txikitoren baten aitzakian. Une hori aproposa izaten da Nafarroatik, Gipuzkoatik, Arabatik eta Bizkaitik bildutako gizon emakume ezberdinen artean une atsegin bat sortzeko.
Guzti honek balio dezala jubilatu guztiei dei bat egiteko: jubilatuta ere, neke askorik gabe oso gauza garrantzitsuak daude gure eskuetan eta ez ditzagun ahaztuta utzi. Antola gaitezen.