Bai, gidoia aspalditik idatzita zegoen. Barcenas, Urdangarin, Infanta, Pujol eta hainbat enparaurekin distraitu gaituzte eta bien bitartean benetako errudunak lanean aritu dira etorkizuna nola beren mesedetan antolatu. Historia zaharra da: XIX. mendean euskal nekazariak gudu karlistetan ongi jipoitu eta gero herriko baso, mendi, larre erta meatzak pribatizatu zituzten. Orain bezala orduan ere aberats jendeak etorkizun berrirako gauzak euren mesedetan jarri nahi zituzten. Meatz ustiapena izan zen lehen kolpea: 14 orduko lanaldia, 12-13 urteko umeak barne, segurantza sozialik ez, osasun zerbitzurik ez, barrakoietan biziz, istripuak egunero, gaizki elikatuta, gaur senda daitezkeen gaisotasunen menpe baina orduan heriotzarekin bukatzen zirenak... Gero makinak jarri zituzten beren lantegietan eta han baldintza berdinak ezartzen jarraitu. Ez lege eta ez eskubide: nagusiaren menpe eta haren borreroen zigorra jasanez.
Orain berdin egin dute: krisia gure artera heldu zen: erdia gauzak gaizki egin zirelako eta beste erdia betiko 'klasea'-ri ongi zetorkiolako. Norbaitek uste badu krisia neurri batean behintzat berariaz ekarria izan zela begira dezala haren aitzakian egin den guztia: nola aldatu duten lan mundua: langabezia, irabaziak murriztu, jendeari beldurra sartu... Zer egin duten pentsioekin pentsioekin: har boligrafoa eta egin kontuak gaurko pentsioak nola geratu diren: zer pentsio jasoko du etorkizuneko pentsiodunak? Pentsio pribatuak, osasun zerbitzu pribatuak, ekonomiako alor asko eta asko publikoak izan beharko zuketenak mesede pribatuan garatzen dira. Gure arbasoekin XIX. mendean egin zen bezala. Orduan milaka euskaldun joan zen atzerrira, Hego Amerikara bereziki, biziko bazen. Orain gertatu denarekin parekotasunik badagoen edo ez norberak esan dezala."Krisia historia da" dio Raxoik, eta gauza bera esatea gustatzen ez zaionez Urkulluk beste hau esan du: "Datorren urtea ona dator". A ze parea...