Zurru-murru zaleak izaki, lau haizetara zabalduta zegoen aurten Fatima Ministrak, urteroko ohitura apurtuz, pentsiodunein ez zigula kartarik bidaliko gure pentsioak zenbat altxatu dituen adieraziz. Baina aurten ere txintxo portatu da Fatima Anderea eta hona albistea: 2015ean gure pentsioak altxatu egingo ditu, % 0,25 alajaina!
Zalantzaren bazegoen, honela uxatuta geratu da. Bide batez ozenki adierazi nahi izan digu hobekuntza hori guk " egindako ahaleginari zor zaiola, jokabide eredugarria eta konpromiso solidarioa erakutsi" baititugu urte hauetan. Gure sakrifizioari eskerrak, ekonomia eta enplegua suspertzen ari direla jakiteak atseginez betetzen digu barrena. Pozten gaitu pairatu ditugun murrizketak ez direla alperrik izan entzuteak eta laster frutu bikaina emango dutela.
Eta ahalegina ahaleginaz ordaintzen da. Gurea eskertzen duen bezala berak ere " ahalegin bat egin nahi izan du pentsioen balioa handitzeko, ahal izan den neurrian". Izan ere, pentsiodunok ez ginateke erantzukizunez jokatzen ariko Ministra Andereari ezinezkoa eskatuko bagenio, jakinda dakigun bezala, ze nolako samina sentitzen duen berak neurri hauek hartzen dituenean. Eta ez dezagun ahaztu " % 0,25 horrek 271,83 milioi euroko gastu gehiagarria suposatzen diola Gizarte Segurantzari". Ongi diozu Ministra Anderea, askotan pentsiodunok ez dugu gogoan hartzen zenbat kostatzen den ematen zaiguna.
Urte hauetan, gutxitan bezala ikusi ahal izan dugu sektore ezberdinen eskuzabaltasuna: banku, enpresari, armada,politiko eta langileena eurena ere.Azken hauek, esaterako, beste sakrifizio askoren artean, ordu gehiago sartzen ari dira ordainsari txikiagoaren truke, eta gainera jubilazioa 2 urte atzeratzea onartu dute. Pentsiodunok ezin genuen gutxiago izan. Agian utz genezakeen pentsio saria aurten altxatu gabe, edo are gehiago, premia oso larria bada, zerbait jaitsi ere. Hilean kafetxo bat gutxiago hartuz arazoa konpon badaiteke, prest gaude, Ministra Anderea.
Baina, behar beharrezkoa den bitartean bakarrik, Ministra Anderea. Zuk ongi ulertuko duzun bezala, bada eskutitza horretan kezka txiki bat sortzen diguna:" % 0,25 igoko dira pentsioak, erretiro pentsioen balioa handitzeko ´indize berria´aplikatzearen ondorioz" Agian, ulertu behar dugu lehen Pentsioak altxatzeko erabiltzen zen KPI indizea baztertu eta aurrerantzean %0,25 izango dela? Baina, ez duzu ba, lerro batzuk gorago esan gure sakrifizioari esker " Gizarte Segurantzaren kontuen emaitzak hobetuz joango direla?" Hala den neurrian, aipatu aldaketa ez da beharrezkoa izango, ezta?
Baina, zuk diozun bezala indize berria aplikatzen jarraitzen duzuela ikusiz gero, ahaztu ,Ministra Anderea, gutun hau eta E.Herriko Pentsiodunok bere garaian helaraziko dizkizugu gure erreibindikapenak.
Ez horregatik, Ministra Anderea.