Nola da posible demokrazia batean horrenbeste gauza isilka-misilka egitea? Mario Fernandezek esandakoak harritu, ez nau batere harritu, baina ustelkeriaren injinari lanak zehatz-mehatz ezagutzeak halako atsegin bat sortzen digu. Interesgarria da zer-nori-nork ezagutzea, aditz horiek nahasi samarrak baitira alditan: zer eman zion, nori eman zion eta nork eman zion. Gauza da fiskalari gauzarik normalena bezala adierazi diola gure Mario profesional osoak:" zuk zer egingo zenukeen terrorismoaren kontrako borrokan lehen lerroan ibili den batek mesede bat eskatuko balizu"? Arrazonamendu hori ´ad hominem´klasekoa da.Zorrotza eta borobila, erantzunik ez duena. Gobernuaren garai bateko ordezkari jaunak langabezian geratu, etxea desahuzio arrisku bizian ikusi eta RGI soilarekin aurkitu une batetik bestera, eta zer egin dezakezu?
Horregatik esan du Mariok egindakoa guztiz "zilegia" iruditzen zaiola. Gero ere, zer da horrenbeste diru mugitzen dituen Kutxabankentzat 6.000 euro hilean! Kontua da horren zilegia baldin bazen zergatik ibili da horrenbeste sekreturekin? Hobe zukeen gauzarik normalena bezala kontu horren berri Kutxabanken bezero garenoi ematea. Urtero bialtzen dizkigun haibeste paperetan asko dira interes gutxiago dutenak!
Nolanahi dela ere, Mariori horren arrunta iruditzen zaion gauza batek, nola atera du horrelako kalapita? Gero ere, hara eta hona hainbeste sobre banatzen den leku batean bat gehiagok ez du garrantzia handirik. Jakina, gure artean ohitura handia daukagu gauza gutxirekin zalaparta handia ateratzeko.
Badakit eleberri honen azken kapitulua idatzi gabe dagoela, baina ariketa interesgarria izan liteke bakoitzak, kiniela bat bailitzan, amaiera posibleak prentsan ateratzea. Irudimen ariketa hona izan liteke, baina egon seguru amaiera errealak irudimenak baino apainagoa idatzko duela.