Manuel Montero Euskal Herriko Unibertsitateko erretore ohia eta El Correon sarri Historiako katedradun bezala sinatzen duen gizon ezaguna da. Ez dut dudarik egiten Historian aditua dela eta guk baino zehaztasun gehiagoz hitz egin dezakeela Euskal Herriko gertaera garaikide askoz. Baina, corruptio optimi pessima, mertzenario bilakatzen dira sarri, nagusiaren eta beren mesedetan. Atzo, martxoak 9, beste behin, askotan jorratzen duen gaia zuen eskuartean: euskal herritar batzuen biolentzia. Halaxe dio: "Hubo un sector que tuvo barra libre. En cualquier lugar público un sujeto de la cuerda podía expresar, y solía hacerlo, cualquier barbaridad en apoyo de ETA, incluyendo comentarios jubilosos por un atentado".
Hori esan eta lasai geratzen da. Historialaria denez, jakin beharko luke tesi bat kaleratzen denean noiz, nork, nori, argazkiak... ekarri behar direla froga modura. Manuel Montero Euskal Herriko erretore ohiak nahiago du alperrik lanik ez egin. Tabernako hizkera erabiltzen du erretorearen itzalak ospea emango dion itxaropenean. "En los sitios públicos la libertad de expresión, si puede llamarse así a la intimidación, correspondió a un sector, el de los secuaces del terror".
Demagun noiz edo noiz nonbait berak dioen hori gertatu izan dela. Bi gauza argi ditzala esango nioke: ezker abertzaleak bere gain hartu behar al ditu herri honetan noizbait norbaitek atentaturen bat txalotu izana? Atentatu asko izan da, izan ere, eta denak ezin dira zsku berean sartu: ezin dira noski berdin baloratu D. Melitón Manzanas aurkako atentatua eta beste atentaturen bat.
Baina, eta bigarren gauza da, Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako katedradunak ikertu behar luke ea norbait gehiagok ez ote duen hemen 'barra librea' izan zuen. Zenbat aldiz, nik neuk, isil-isilik geratu behar izan dudan inguruan jendeak edozein astakeria esan arren. Hori tesi interesgarria izango luke Manuel Monterok. Zenbat jenderi gauza egokia iruditu zaion ETAko militanteak animaliak bezala edozein bazterretan tiroz akabatzea, nahiz eta posible izan atxilotuta epaitegietara eramatea! Zenbat aldiz, munduaren aurrean ezkutuan gorde nahi izan diren basakeriak hemen jende askoren oniritzia jaso duten! Agian gure jaun erretorearena!
Jaun honek, oso ongi daki zeinen ahula den El Correon idazten duena, mertzenario huts bilakatuta uste du Historialari onaren ospea aski dela idazteko, baina herria ez da inozoa, aspalditik daki oilategian sartzen den azeriak oiloek baino txikizio handiagoa egingo duela beti ere, baina, une honetan historia beren modura idaztea da interesa duena, lehen Francok egin zuen bezala, eta eskuetan dituzten tresnaz baliatzen dira ikuspegi hori inposatzeko. Baina, ez dute lortuko.