BBVAko pentsioen zuzendariari zenbait ohar

Martxoaren 5eko El Correon BBVAko Pentsio Zuzendariaren idazki bat irakurtzeko aukera izan genuen. Bertan Pentsio Publikoen geroaz mintzatu zen. Bizkaiko Pentsionistak Martxan Plataformakoek ezin dugu isilik geratu: jorratzen zuen gaiagatik, sinatzen zuen pertsonaren karguagatik eta han esaten zenagatik.

Laburbilduz, BBVAko Pentsioen Zuzendariak hiru puntutan oinarritzen zuen bere ikuspuntua:

a. Gaur eguneko jendearen bizi itxaropenak ezinezko egiten du pentsio publikoen iraunkortasuna. Euskal Herrian batez beste 82 urte bizi gara.

b. Etorkizuneko pentsioak, sistema mantendu nahi bada, laneko azken soldataren %50 izan beharko luke, eta ez %80, orain dagoen eran; eta hori ez litzateke bizitzeko nahiko izango.

c. Ezinbestekoa iruditzen zaio langilearen eta enpresaren ekarpenekin pentsio pribatu plana egitea.

Bizkaiko Pentsionistak Martxan Plataformak, kideko beste Plataforma batzuekin, urteak daramatzagu gure kezka kaleratzen pentsio publikoen inguruan. Joan den mendeko 80. hamarkadan hasi ziren erakunde finantzariak kezka ereiten: Pentsio Publikoek ezin zutela luzaroan iraun, pentsio pribatuak sortzea nahi ta ezkoa zela…eta beren bide guztiak erabili dituzte geroztik jendearengan pentsioen inguruan larritasun sentipena sortzeko.

Denok dakigu erakunde horiek ze boteretsuak diren eta nola eragiten duten sare politikoaren erabakietan. Horrela 90.hamarkada aldera Eusko Jaurlaritzak, bankuen laguntzarekin, martxan jarri zituen EPSVak. Horretarako komunikabideen indarra eta onura fiskal oso erakargarriak erabili zituen jendea konbentzitzeko. Eta jendeak, Errenta Aitorpenean pentsatuta, aurrezkiak pentsio plan pribatuan jarri zituen. Eta bide batez, bankuen negozio pribatua jarri zen martxan eta etorkizunean pentsioek jasango zituzten murrizketentzat bidea egiten hasi ziren.

2008.eko krisiak aukera aparta eman zien gobernu, enpresari handi eta finantzariei aspalditik prest zeukaten plan estratejikoa abian jartzeko. Zapatero, lotsatiegia, kendu eta Raxoi jarri zuten, kankailu baldarra: honek jarriko zuen martxan Pentsio Publikoen goitik beherainoko aldaketa. Gogoan dugu denok erreformaren berme gisa erabili zituen “adituak”, finantza munduko morroiak, jakina, ia denak.

Pentsioen erreformak honako aldaketa hauek ekarri dizkigu: jubilazioa 67 urtera arte atzeratzea; pentsioen urteroko berbaloratzea KPItik aske geratzea; pentsioaren kalkulua egiteko aldia azken 25 urteak izatea; osorik kobratu ahal izateko 38 urte kotizatuak izatea. Neurri hauek eta garai bertsuan egindako lan erreforma dira  BBVAko Pentsio Zuzendariak etorkizuneko pentsioak %50 jaisteko eskatzen zuen bidea. Izan ere:

- Orain arteko Pentsio sistemaren ahalmena bi puntutan oinarritzen zen: kotizatzaileen kopuruan eta kalitatean, eta pentsioek suposatzen zuten gastuan. Une honetan enplegua hankaz gora dago: 5milioi langabezian, beste horrenbeste lanaldi zatikakoan, eta beste asko miseriazko soldata jasoz. Horrela, kotizatzaileen ekarpenak ezin dira aski izan pentsioak mantentzeko.

- Pentsioek suposatzen duten gastua gora doa. Adin-piramidearen gailurra duela 30 urte gerria baino askoz estuagoa bazen, orain parekatzetzen ari dira. Hori datu objetiboa da, ez dugu ukatuko guk.

- Baina prozesu hori ez da urte gutxi batzutan egin, poliki- poliki eginez joan da; halere 2010 arte pentsio kutxak ez du defizitarik izan, nahiz eta 70, 80, eta 90 hamarkadetan krisialdi gogorrak jasan behar izan: petrolioaren  krisia, industriaren birmoldaketak… Are gehiago, 2010.urtea Pentsioen Berme Kutxan 75.000 milioi zeuden.

- El Correoko idazki horretan BBVAko Pentsioen Zuzendariak zalantzarik ez du gaurko 9 milioi pentsionistak “hemendik hamarkada batzuetara” 16 milioi izango direla esateko. Bankuek urteak daramatzate etorkizunari buruz iragarpenak egiten eta behin eta berriro huts egiten. Eta gainera, pentsionisten kopurua hala izango balitz ere, beste aldagarri batzuk ere gogoan hartu beharko dira, ez? BPG, adibidez ez al da gora joango?

- Baina, demagun gaurko pentsio sistemak ezin duela jasan pentsionistek etorkizunean suposa lezaketen zama ekonomikoa. Orduan, arazoa konpontzeko orain arte erabili ez diren baliapideen bila hasi beharko genuke. Ez da lehenengo aldia izango. Halaxe eraiki ziren hezkuntza publikoa, osasun zerbitzua, azpiegitura publikoak… Aurrekontuetan  agertzen zen hartarako behar zen diru kopurua. Pentsio kutxarako egiten diren gaurko ekarpenak aski ez badira, aurrekontuak egitean zerbait pentsatu beharko da. Halaxe egiten da hainbat herrialdetan. Baina BBVAko Pentsio zuzendariak ez du aukera hori aipatu ere egiten. Izan ere, jaun honi pentsio pribatuak bakarrik interesa zaizkio, eta negozio iturri bezala, gainera.

Jaun hori, pentsio pribatuak gutxiengo batzuentzat bakarrik dira baliagarri. Eta gure gizarteak persona heldu guztientzat bermatu behar du zahartzaro duin bat. Sortzen den aberastasunaren lehen helburua, bankuen negozioa baino lehenagokoa, gizon-emakume guztien oinarrizko premiak betetzea da. Baina zergabilketa egiten denean %90a soldatapekoen ekarpena da. Fortuna handiek, bankuek… asesore argiak erabiltzen dituzte lege-zirrikituak eta delitoa bera erabiliz, zergetatik paso egiteko.

2008ko krisialdiak eztanda egin zuenean Europa osoko agintariek aho batez aldarrikatu zuten bankuen kontrola ezin bestekoa zela, sistemak ezin zuela hala jarraitu. Baina gero ahaztu egin da kontu hori. Hemengo bankuen zorrak ordaintzeko 50.000 milioi euroko erreskatea egin da  eta zama horri aurre egiteko murrizketa basatiak ezarri zaizkie pentsiodun, gaixo, langile eta herritarrei orohar. Bien bitartean, bankuetako goi karguek milioikako soldatak eta urrezko pentsioak bereganatzen ari dira, eta politikoen artean ere urte gutxiko ekarpenaren ordainez, gain-pentsioak errazegi lortzen dira. Inork konpontzen ez duen eskandaloa.

Pentsio duinak posible dira, baliapideak hobeki erabiliz: aberastasun handiei zerga berezia ezarriz, langile berrien kontratoetan ematen diren kotizapen murritzak kenduz, eta pentsio kutxa arduraz eramanez.

Amaitzeko, behin berriro gauza bat eskatu nahi dugu: autonomia estatutuan agindu zitzaigun Gizarte Segurantza eta Pentsioak eskuratzea. Noiz hitz egingo du argi Lehendakariak gai honetaz herriaren aurrean? Gure ongizatea dago jokuan eta egia zor zaigu. Pentsionistak Martxaneko kideak ez gara umeak,  eta gogoan daukagu eman zitzaigun hitza eta hitz hori oraindik ez dela bete.

 

Mikel Arginarena Otamendi, Bizkaiko Pentsionistak Martxanen izenean