Limosna gehiegi

Nafarroako herri hartan tarteka eskaleak ikusten ohituta geunden haurrak. Guretzat misteriotsuak ziren jende haiek. Ez zitzaigun burutik pasatzen munduan norbait izan zitekeenik ez etxe eta ez aterpe. Errezo baldar bat botatzen zuten etxeko atarian eta han geratzen ziren nork zer emango.

Gaur TAC bat egin behar eta metroa hartu dut Areiltza kaleraino. Ilunpetik atera orduko, Jesuiten eliza aurrean, beren eltzetxua hartu eta 100 metro karratutan minbiziaren aurkako eskaleak, Munduko Medikuenak, Gurutze Gorriarenak eta orain gogoratzen ez dudan laugarren erakunde batekoak han hurbildu zaizkit diru txikien eske. Etxera itzuli eta korreo elektronikoa zabaldu dudanean azkena sartu den e-mailak hala zioen: "Mikel, Nepalek zure laguntza behar du". Eta ez dut aipatu ere egin kalean egin ditudan 30 minutuetan zenbat jende ikusi dudan, kartoitxoa aurrean jarri eta beren eske mezua adierazten zutenak.

Ez dakit gaur eguneko haurrek zer pentsatuko ote duten errealitate horren aurrean. Gure herriko haiek behintzat, tarteka bakarrik agertzen ziren eta gero luzaroan haien berririk ez genuen izaten. Seguruenik beren miseriaren geografia bat izango zuten eta beste herri batzuetara joanak izango zirela pentsatuta geratzen ginen. Gaurko kalekumeek, etxeko atarian hainbeste eskeko ikusten dutenean, agian paisaiaren zati direla pentsatuko dute. Izan ere, egunero han daude. Agian gauza ez arrunta bezala ikusiko dute, baina ez dute jakingo eske horiek nola ulertu. Izan ere, tartean denetarik egon daiteke: miserian daudenak, irabazitxo bat nahi dutenak eta lotsaren lotsaz azkeneko laguntzaren bila datozenak...

Gaurkoan, halere, hau idazten hasi banaiz, arrazoi berezi bategatik izan da: minbiziaren kontrakoa eskaria egiten zutenak halako antolamendu bat erakusten zuten: han inguruan mahai bat zeukaten, apain, oihal gorri batez estalita eta eskekoen artean bi motatako jendea nabari zen: adineko andrazko estilodunak eta 14-15 urteko gaztetxoak, batzuk ikastetxeren bateko uniformedunak.

Zer pentsatua eman dit. Izan ere, talde horretan ez nolanahiko azpiegitura suma zitekeen. Hori guztia egiteko telefono zenbakia eta e-mail dezente behar dira. Borondatezko lana denez, eta premia bat betetzeko, zerbait positiboa iruditu zait. Baina jakin-minez geratu naiz azpiegitura horren azpian nor mugitzen den, zer pentsakerako jendea, premia baten beharrak bultzatuta hala 'ekintza on bat' egin beharrak eraginda...

Izan ere, nekez justifika dezaket hainbeste dirutza mugitzen den gizarte antolatu batean minbiziaren aurkako borrokarako eltzetxuak kalera ateratzen ibili beharra. Justifika ezina eta lotsagarria.