Kasta politikoa hauteskunde garaian hor etortzen zaigu, promesaz betetako jario luzean, aurreko promesak ahaztuak izango ditugun esperantzan. Gaur eguerdian oraindik Foru Aldundian boterea duen alderdiaren hautagai berriari egokitu zaio txanda eta pentsionistoi zuzendu zaigu, pentsionista talde batez inguratua. Gure arazoak aintzat hartu eta ahalegin osoa egiteko hitza eman du, eta hala azpimarratu du: ahalegin hori pentsionistekin batera egingo duela, guri entzunez. Pentsionisten munduan buru-belarri sartuta gabiltzanontzat hitz politak, aspaldian entzun nahi genituenak. Baina entzunda ere, nekez sinisten ditugunak. Izan ere, pentsionistok ohituta gaude kastakoak inguratzen zaizkigunean ez datozela ezer ematera, zerbait eskatzera baino. Inguratu eta bizkarrean kolpetxo lagunkoi batzuk ematen dizkigutenean, adi ibili, eta bada ezpada, kartera ongi gorde.
Bizkaiko Foru Aldundia joan den 35 urteotan kasta beraren eskuetan egon da. Pentsionistak Martxaneko gizon eta emakumeok gainera zetorkigun ekaitza sumatu eta antolatzen hasi ginenetik behin baino gehiagotan hurbildu gara Foru Aldundira haiekin hitz egin nahi genuela adieraziz. Gaur da eguna oraindik lortu ez duguna. Azkeneko urte hauetan jende askori egokitu zaio estu ibili beharra eta haien artean asko eta asko pentsiodunak dira: pentsioak izoztuta gaude, kopagoa ezarri digute, mendekotasun legea zakarrontzira bota dute eta milaka pertsona dira azkeneko urteak ongi pasatzeko itxaropena galduta bizi direnak. Eta oraindik gutaz baliatu nahi dute gure botoa eskatu eta haiek beren "postuetan" egoteko. Ez da faltako aukerarik "zaharrei" omenalditxo bat egiteko, eta zenbat zor zaigun gogoratzeko. Hitz hutsak eta hitz hutsalak.
Pentsionistekin kontatzen dutela eta kontatuko dutela. Bai, zaharren loreontzia ez da faltako. Aldundian bada Zaharren Kontseilu, sei kidek osatua: gai sozialetako alduna, eta arloko beste alde batetik, eta bestetik arazorik emango ez duten beste hiru pentsionista lan hori ohoretzat dutenak, Sabin Ipiñaren hitzekin esateko. Gaur da eguna haiekin hitz egiteko aukerarik eman ez digutena eta haiek gurekin harremanetan jarri ez direna. Eta badakite bagarela eta non gauden. Eta mahai gainean arazoak jarriko ditugula.
Euskal Autonomia Elkartean milioi erdi pentsionista gara; azken urteotan sekulako murrizketak egin dira gure baldintzetan eta gaur da eguna oraindik kalera atera ere egin ez direnak. Haien pentsiodun prototipoa argi dago: forma fisikoa mantentzeko pasea lekuetara joan, buruz osasuntsu jarraitzeko jubilatu-zentroetara karta jokora bildu, eta informatuta egoteko El Correo irakurri.
Aldundian egoitza duen Zaharren Kontseiluak ez gaitu ordezkatzen. Eta gaur eguneko pentsiodunok dauzkagun arazoak ez dira nolanahikoak. EAEko populazioaren laurdena pentsiodunak gara, eta hurrengo urteetan, multzoa handitzen joango da. Epe berri batean sartuta gaude: jubilatu ondoren oraindik ia 20 urtez bizi den populazioarena, eta horrek egitura sozial eta ekonomiko egokituak eskatzen ditu. Hori ez dugu politikoen eskuetan bakarrik utzi nahi, gure iritzia ere gogotan hartzea nahi dugu.