Iraganak ez digu errezeta handirik emango. Izan ere, gure herrietan gauza berria da pentsiodun eta pertsona helduok pairatzen dugun egoera. Gure gurasoen garaian lanerako gauza zen belaunaldiak seme-alabak hazi eta zaharrak modurik onenean artatzea zuen egiteko nagusia. Lantzen zuten lurrak hortarakoxe bakarrik ematen zuen. Osasunean eta gaixotasunean etxekoen ardura zen hori guztia. Gaur, gizarte post-industrial honetan belaunaldi bakoitza sakabanatuta dago: seme-alabak hezkuntza sistemaren eskuetan daude, lanerako gauza direnak lantegian pasatzen dute eguna eta pertsona helduek ahal duten bezala konpondu behar dute haien bakardadea.
Eta bizilagunen laurden bat gara pertsona helduen multzoan sartzen garenak. Hor ere denak ez daude berdin: batzuk gazteagoak besteak baino; hauek osasun hobea haiek baino; eta bakardadea batzuentzat besteentzat baino gordinagoa. Eta gaur da eguna gizarteak egoera horri aurre egiteko hausnarketa serio bat hasi ez duena; baina gizartearen arazoa da, ez da garai batean bezala seme-alaben esku geratzen zen egitekoa. Ezin dute, ez dira horretarako gauza.
Eta horri guztiari gehi diezaiogun azken dozenerdi bat urtetan gure pentsioek eta osasun-zerbitzuek izan duten atzerakada. Gogoan har dezagun zenbat milaka adinekok goseak ez hiltzeko adina soilik jasotzen dutela; beste askok gainera, nork lagundu ez duela etxean, ez egunez ez gauez.
Horregatik esan dugu oraindik hasieran gaudela, hainbeste pertsona helduk duintasun gutxieneko batekin bizitzeko ezin bestekoa duten azpiegitura eraikitzea beharrezkoa delako. Duela 100 urtetik hona hezkuntzarekin egin den bezala; orain zaharrekin egitea dagokigu, etorkizuneko jendea azkeneko urteetako miseriaren beldurrez bizitzera kondenatu nahi ez badugu.
Gaur Hego Euskal Herriko Pentsiodunen lau Plataforma bilduko gara Bilbon urte honetako gure lana aztertu eta datorren urtekoaren nondik norakoez hitzegitera. Elkarren berri urte osoan izaten dugu baina gaurkoa bezalako egunetan gure arteko loturak asko sendotzen dira, giro aberats bat sortzeko lagungarri izaten da; eta batez ere pertsona helduek aurrerantzean beharrezko izango duten azpiegitura sendotzen joateko balio izaten digu.
Milaka pertsona heldu gara Hego Euskal Herrian, milioi erdia pasatxo. Haiek ere jakitun dira gauzak nola dauden, eta sarritan elkartzen dira zentroetan denbora pasa eta kontu kontari. Haientzat ere bada gure mezua: ezin dugu espero zaharren arazoak gure agintariek euren bihotz on hutsagatik konponduko dituztela. Ez eta ere gure seme-alabek zahartzaro hobea izango dutela gaur abian jarri diren murrizketekin. Gure ahalegina baliagarria izango zaie eurei bere garaian.
Hau da guri tokatu zaiguna eta horretan saiatzea dagokigu.