Berriro kalean

Erabiltzailearen aurpegia Pentsionistak Martxan 2015ko ira. 15a, 08:43

Udako hibernazioa pasa ondoren, berriro ere ekainean konpondu gabe utzitako arazoei heltzera gatoz pentsiodunak. Zerbait lortu nahi bada ezinbestekoa da lurra landu, hazia erein, belar txarrak erre eta zorte pixka bat izatea.

Ekainean, udako etenaldia hasi baino apur bat lehenago mahai gainean jarri genuen pentsiodunak bene-benetan kezkatzen gaituen gaia: beren burua behar bezala zaintzeko gauza ez den jendeak behar dituen laguntzak nola antolatu. Dependentzia egoera batean, sarri bakardadean, bizi den jendeari nola helarazi premiazko laguntza. Hori izango da Bizkaiko Pentsionistak Martxan Plataformak beste herrialdeetako euskal Plataformekin batera, ekitaldi honetan bereziki landuko duen gai.

Izan ere, kalean jendeak ikusten duen panoramatik at geratzen da sarri errealitate hau, gure kulturak behin baino gehiagotan halako lotsa pixka batekin ezkutatzera eramaten gaituen errealitatea. Baina horrela sekula ez diogu irtenbiderik emango. Eta irtenbide bat ematea ezinbestekoa da gizarte duina nahi bada. Oso urte gutxitan, aurrikusita egon arren, ikusi nahi ez genuen errealitate gordina sustraitu da gure herrietan: aurreko belaunaldiarekin konparatuz 10 urtez gehiago bizi den pentsionista jendea eta fenomeno horrek suposatzen dituen arazoei aurre egiteko inolaz ere gauza ez den familia eredu bat.

2006an Dependentzia Legea deitu genuen erabaki bat aurrera atera zen Madrileko Gorteetan: han erabaki sendoa ageri zen zahar kopuru berriak artatzeko beharrezko izango ziren egitura eta baliabideak gauzatzea; eta itxaropen handiak sortu zituen gizartean. Baina gerora, aitzakia bat eta bi, paper huts geratu zen: jarriko zela esan zen dirua oso urruti geratu da errealitate izatetik, dependentziako laguntza serioen ordez laguntza eskas edo diru kopuru txiki batzuk bilakatu dira eta zerbait lortzeko bidea egiten hasten denak gogaituta amaitzen du sarri.

Egiari zor, ez gara euskaldunak okerren gaudenak, baina hemen ere gaur arte ez dira behar diren eta agindu ziren baliabideak jarri. Adibidez asmoa zen dependentzia handia zuten pertsonak langile profesionalen bitartez artatzea. Izan ere, kasu askotan behar duten zaintza ezin da etxekoen esku utzi. Baina gaur egun 23.000 baino gehiago daude familian artatzen direnak eta duten laguntza oso urria da ekonomikoki: gehienez ere 800 eurotakoa. Atera kontuak zenbat orduko laguntza kanpotiarra lortu daitekeen diru horrekin! Jakina, norbaitek esango du: etxekoek ere lagundu beharko dute, ez? Kanpoko laguntza egonda ere, etxekoentzat nahiko lana egongo da. Eta zoritxarrez emakumearentzat esklabutza aro berri bat izango da.