Egia esan, horrelako gauza trinkoak ulertzeko ere denbora apur bat behar izaten dugu eta horretlako zereginetan ohiturarik ez dugunean, denbora gehiago hartzea eta besteek zer dioten jakitea ere komeni da.
Aldundiko arduradunek aurkezpen garaian erakutsitako jarrerari erreparatuz, aurrekontu itsaropentsuak dira:irribartsu agiri ziren, hazkuntza ekonomikoa gure artera iritsi omen da eta horren lekuko aurtengo aurrekontuak % 2,6 igoko dira iazkoekin alderatuta (185 milioi euro gehiago).
Aurrekontu horien bultzatzaileak EAJ eta PSE dira eta behin baino gehiagotan entzun diegu beren politika jardunean "pertsonak direla euren lehentasuna". Pentsiodunak kategoria horretan gaudenez berehala joan zaizkigu begiak atal sozialera, ea zer dagokigun banaketan: iaz baino 12.554.000 euro gehiago. Hor arte datu positiboak, zalantzarik gabekoak.
Guzti horretatik zein hausnarketa egiten dugu? Ba iazko aurrekontuarekin pentsionisten egoera oso justua izan bazen, aurten 12 milioi gehiago jarrita, ez dagoela ezkilak jotzen hasteko motiborik. Lehen ere esan dugu astiro irakurri beharreko kontuak direla aurrekontuak eta berriro irakurri beharko ditugu seguruenik, baina lehen iritzia emateko adina informazio agirian dago.
Iazko aurrekontuekin Bizkaiko pentsidunak ez ginen batere ados geratu.Izan ere, azkeneko urte hauetan gure pentsioak izoztuta daude, hil ez direnak aurten zaharragoak gara, lehen dependentziako arazoak eta osasunarenak nabarmenak zituztenak aurten larriagotzen joango dira eta iaz zulo asko geratu baziren diru faltan bete gabe, aurten zuloa handiagoa izango den kezka daukagu.
Dependentzia aipatu dugu; pentsiodunen arloan jende asko kolpatzen duena. Gustura aldarrikatuko genuke hor ere independentzia, baina beste norbaiten laguntza behar den garaian hobe laguntza eskatzea. Milaka pentsiodun dago une honetan bere buruaz baliatzeko gauza ez dena baina 2006an abian jarri zen Dependentziaren Legea proportzio handi batean asmo hutsa da, ez dago garatuta.
Esan dugu, aurrekontuetaz berriro ere hitz egingo dugu, zehaztasunak hobeki ikusitakoan. Baina tartea amaitu aurretik bada argitu beharreko gauzatxo bat: aurrekontuak % 2,6 igo dira baina oraingoz diru sarrerak iaz baino %3 baxuagoak dira. Zer egingo da urtea hala bukatzen bada? Aurkezpenean Aldun Nagusiak emandako erantzuna ez zitzaigun onaragarria iruditu. Hain zuzen, gauza arrunta dela sailen gasturako aurrekontuetan jarrita dagoen ia %100ean gastatzea. Beraz, zer ondorio atera behar dugu: aurrekontuetan ageri dena ere ez dela gastatuko?