Azken aldian ez dugu atsedenik. Izan ere, krisi ekonomikoa gurera bisitan etorri zela aprobetxatuz, murrizketa etengabean sartu dira gure pentsio eta zerbitzu sozialak. Hasieran sinestarazi nahi izan ziguten, une txar bat besterik ez zela eta garai hobeak laster etorriko zirela; bien bitartean geuk ere, beste guztiek bezalaxe, gure ahalegintxoa egin beharra geneukala guztion mesedetan.
Ez genuen gisa horretako argudiorik sinetsi lehen momentuan ere, eta geroak arrazoi osoa eman digu, tamalez. Urteak badoaz, jubilatu asko zendu da bitartean eta, dagoeneko argi dago bisitaria bezala etorri zenak gure artean geratzeko asmo sendoa duela. Entzun besterik ez daukagu egunero -egunero komunikabideetan eta boletin ofizialetan esaten dena.
Gure elkarte autonomoan milioi erdia pasan gara pentsiodunak eta datu ofizialak kezkagarriak dira: 100.000 baino gehiago pobrezia gorrian bizi dira, eta gehienak hileko 700 euro ez dituzte kobratzen. Asko hala gutxi da hori? Datuak nahiko erlatiboak izan ohi dira, baina bere testuinguru jarriz gero, hobeto ulertuko ditugu. Europako Karta Sozialaren iritzian langileen gutxieneko soldata 1.200 eurotara iritsi ezean arazo ekonomikotan sartzen da familia bat. Hori oinarri hartuta, guk pentsiodunei aplikatzeko orduan soldata horren %90a hartu dugu gogoan eta hala logikoa iruditzen zaigu gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan jartzea.
Hori guztia tertuliako hitz hutsetan gera ez dadin, oraingoan Euskal Herriko Pentsionisten Plataformek Herri Ekimen Legegile bat jarri dugu abian eta joan den azaroaren 23an Gasteizko Legebiltzarrean sartu genuen. Eskatzen duguna bi puntutan laburbiltzen dugu: Madrileko Gobernuaren jokabidea ikusita, hala eskatzen dugu: gure elkarte autonomikoak behingoz lor dezala Gizarte Segurantza propio bat, publikoa, kalitatezkoa eta belaunaldi ezberdinen arteko elkartasuna ahalbidetuko duena. Eta hori lortzen ez den bitartean Eusko Jaurlaritzak pentsioei 1.080ra heltzeko falta zaiena aurrekontuekin osa dezala.
Gure ustez, jendeak ez du inolako arazorik izango eskari honen zuzentasuna ulertzeko. Urteak daramatzagu pentsioak izoztuta, eta legezkoa izango da Raxoi eta enparauek hartu dituzten erabaki murriztaileak, baina legea ez da aski zerbait zuzena dela esateko.
Jendearen babesa eskatzen dugu: herri ekimen hau aurrera ateratzeko 30.000 sinadura eskatzen dizkigute. Ez dugu dudarik egiten askoz gehiago ere lortuko ditugula. Pentsiodun gizona, pentsiodun emakumea, egunen batean pentsiodun izango zaren nornahi zarela: zure inguruan sinadurak biltzeko mahai bat ikusten baduzu, ez dudarik egin: sina ezazu, zure mesedetan da.