Gaur egun inoiz baino kontzientzia biziagoa daukagu gizarteko premiekiko. Hiriguneko jendeak gara, elkarren berri jakiteko tresna ugari daukagu eta egunero milaka bider zerbitzen dizkigute hunkituta uzten gaituzten argazkiak. Eta errealitatea borobiltzeko populazioaren azken bizi etapa asko luzatu da: gure artean 81 urtera batezbesteko.
Nire eskuetara heldu da Bilbao hilabetekaria eta bertan berehala erakarri nau gure hiri honetako premia sozialei buruz Iñigo Pombori egiten dioten elkarrizketa batean. Udaleko arlo sozialeko zinegotzia da bera eta ibilbide luzekoa bai Eusko Jaurlaritzan nola Foru Aldundian arlo berean. Ez dut personalki ezagutzen eta ez da nire asmoa pertsonaz iritzia ematea, baina bai EAEko hiru erakunde publiko oso garrantzistutan aritu den pertsonaren aitzakia hartuta gure ekarpentxoa egitea gizarteko premien aurrean egiten den politikaz.
Bere ahoan jarri duten esaldi bat esanguratsua iruditu zait: "Premiak gehitzen doaz, baina baita ere sentsibilitate soziala". Iruditzen zait hizkera hau gehiegi erabiltzen dutela gure politikoek. Batez ere azken urte hauetan gure Udal, Foru Aldundi eta Jaurlaritzak berak behin eta berriz azpimarratzen dute, aurrekontuak plazaratzen direnean bereziki, murrizketa sozialik egin gabe egin dituztela aurrekontuak. Eta insistentzia hori bera susmagarria da.
Izan ere, eta azpimarragarriena, alperrik da eztabaida antzu horretan sartzea. 'Sozial' hitza zeharo manipulatuta erabili ohi da gehienetan, izan ere. Baina bada ezbaian jarri ezin den errealitate bat: gaur egun gizarteko premiak mantendu ez baino, erritmo izugarrian ari dira hazten. Alde batetik, bizi itxaropena nabarmen luzatu delako eta ezinak eta muga fisikoak agertzen hasten diren tartean batez ere. Bestetik, garai bateko familia babesa gero eta sarriago falta delako, gaurko lan estrukturak eta egitura sozialak ezinezkoa egiten duen babesa.
Jakitun naiz, Iñigo Pombo jaunak nik baino datu gehiago duela errealitate horren inguruan, eta ziur aski nahiko lukeen baino baliabide gutxiago jartzen dituztela haren eskuetan. Eta eguneroko kudeaketak nahikoa lan sortuko diola gure zinegotziari. Baina 'buenismotik' haratago gizartean kontzientzia berri bat sortzeko lanean ere zerbait egin beharko dut. Hitz batean esateko: premia sozialak baliabideak amaitzen diren arte artatu ordez, premia sozialak konpontzeko behar diren baliabideak jarri. Hori ez da %10, edo aurreko aurrekontuetan baino 200.000 euro gehiago.
Une honetan, adibidez, Menpekotasun Legea erdi baztertuta dago baliabide faltan. Bien bitartean ez dugu ausardiarik politika fiskal berri bat egiteko, diru sarrera handienak hiritarren zergetatik datoz eta botere ekonomikoak mila xantaiaz eta trikimailuz baliatuz, beste alde batera begiratzen du.
Ea beharrizan sozialen aurrean sentsibilitate soziala baino zerbait gehiago jartzen dugu.