Hauteskunde garaia heltzen denean, politikoak hor mugitzen dira, itolarrian, herriz-herri eta auzoz-auzo. Eta aurreko masa oso kritikoa ez dela izango usteta, perla dezente ereiten dute bazterretan. Espainian extralurtarrak bezala hartzen dituztela zioen Ortuzar jaunak Zornotzan. Eta berak bazekien zergatik: "Mundu guztia ohartzen da Euskadi Espainia baino askoz hobeto dagoela". Eta personako errenta edota osasun zerbitzua zekartzan adibide. Eta gero: "Zenbat salaketa (Espainian) Mendekotasun Legean agintzen diren gauzak ematen ez direlako. Asko hil dira euro bat jaso gabe. Eta hemen, berriz, txintxo-txintxo artatzen dugu mundu guztia".
Ortuzar jaunak ez ditu aintzat hartzen nonbait aspaldi EAEko pentsionisten plataformok kalera atera ditugun aldarrikapenak. Ez gara Sabin Etxetik oso urruti elkarretaratzen, baina egoitza insonorizatuta daukete eta blindatuta. Hain zuzen ere, behin eta berriz kaleratu dugu Mendekotasun Legea, han 2006an onartu zenetik, hautsez beteta dagoela gure Udal, Aldundi eta Jaurlaritzan. Itxaropen ugari eragin zituen legea, eta guztiz beharrezkoa, alajaina, hor daukate ahaztuta. Behar zen dirutza erdibana jarriko zuten Madrileko Gobernuak eta hemengo Foru Aldundiek. Kontua da Madrileko dirutik heren bat ozta-ozta iritxi dela eta Foru Aldundiek ere jarri behar zuten erditik koska bat falta dela.
Lege haren esanetan artatuko ziren kasuak nahiko txukun adierazita zeuden baina lehen momentuan eskubidea izango zena gerora kasu larrienetan bakarrik atenditu zen. Lehen mailan atendituko ziren kasuak -ez horren larriak- garai hobeagotarako utzi ziren eta oraindik ia 10 urte pasa ondoren zain daude. Eta milaka dira, Ortuzar jauna, Espainian bezala, hemen ere euro bat jaso gabe hil direnak.
Mikel Legarda jaunak ere, Madrileko Gorteetarako zerrendaburuak, pentsionisten plataformek mila bider aldarrikatu dugun beste puntu bat aipatu zuen Gasteizko mitinean: "Lan harremanen marko propio bat eta Segurantza Sozialaren ekonomia erregimenaren transferentzia". Nola ausartzen da, ordea, ia 40 urtetan horretarako ahalegin serio bat egin ez duen jendea, Gasteizko mitin batean halakorik esaten? Gasteizen ez baino Madrilen egin behar dute lan hori.