Dagoeneko egina dugu gure agerraldia Iruñeko Parlamentuan non gure argudioak adierazteko aukera eman zitzaigun, eta gaur, hilak 21, bilduko da Eusko Legebiltzarreko lantaldea gaiaz jarduteko. Baina ezusteko desatsegina izan da guretzat EAJ-PP-PSE eta UPyD alderdiek osoko emendakina aurkeztu izana.
Talde politiko guztiei gure proposamena eman ondoren, EH Bilduk hartu zuen bere gain eta abian jarri zuen, onartua izateko, legeak agintzen duen bidea. Baina ez genuen espero adierazitako alderdiek ez onartzea pentsiodunen mesedetan Legebiltzarrak onartutako diru-itzulketa botika erosteko erabiltzen den txartel beraz baliatu, eta hala, errazteko arazoak izango zituenik.
Lotsagarria iruditzen zaigu lantaldearen erabakia hauteskundeen biharamunera arte atzeratu izan, hala pentsiodunok botoa ematera goazenean dagoeneko hartua duten erabakiaren ez jakinean egon gaitezen. Azpijoko hori ezin dugu onartu: pentsiodunei buruzko laudorio eta losintxak orain eta egunez egun gure bizi kalitatea erasotzen duten neurriak gero. Adibidez, kopagoaren dirua itzultzeko erraztasunak ukatu.
Izan ere, gauza txiki bat aski da milaka pentsiodunen kasuan diru-itzulketarako jarritako sistemak ez funtzionatzeko. Horren froga: 2014an 18 milioi euro jarri ziren kopagoaren itzulketarako. 2015ean 11,5 milioitara murriztu zen eta 2016ko aurrekontuetan 7 milioi ageri dira. Horrek argi uzten du itzulketa egiteko jarri den bidea ez dela pentsiodunen baliagarritasunera egokitzen. Gure eskaria bidea erraztea da: botika erostera goazen bakoitzean txartel beraren bitartez egitea itzulketa.
Gure artean 290.000 pentsiodun badaude 650 euroz azpitik jasotzen dutenak, kopagoaren itzulketak jarriko den edozein arazo pentsiodunenganako mespretxua iruditzen zaigu. Osasun zerbitzuak bermatuta egon behar dute edonorentzat eta batez ere adineko jendearentzat.
Guzti horrek EAJ-PP-PSE eta UPYD partiduen jarrera jendaurrean salatzera bultzatu gaitu. Partidu horien babesaren hainbat luxuzko gastu egiten dira eta bien bitartean oinarrizko premieterako eskatzen denean arazo ekonomikoen argudioa jartzen dute mahai gainean.