Baina gauza bat da predikua eta bestea ogia ematea. Pentsionistak Martxan Plataformatik, duela hilabete bat aurkeztu genuen HEL-a (Herri Ekimen Legegilea), zeinetan besteak bestek, 1.080 eurotara heltzeko pentsio bakoitzari falta zitzaiona Aurrekontuetatik hornitzea eskatzen genuen. Gu prest geunden,ez legeak eskatzen dituen 30.000 sinadura biltzeko bakarrik, askoz gehiego ere bilduko genituela dudarik ez genuen. Penagarria PNV-PSOE-PPk tramitera ez onartzeko eman diguten erantzuna:"gai hori ez dagokio EAEari".
Jakina da norbait kale bazterrean edo bide ertzean laguntza premian ikusiz gero legeak edozein hiritar hari laguntza eskeintzera behartzen duela, eta egin ezean zigortua izan daitekeela. Baina badirudi salbuespena dutela Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak. Oso ongi dakite, zenbakiak eskura bai dituzte, zein egoera pairatzen duten milaka pentsiodunek gure artean, zenbat milaka diren hilero 600 euro azpitik geratzen direnak. Agian zenbait legebiltzarkidek edo kargu publikok ez dakitena zera da: nola bizi direndiru sarrera horrekin hainbat pentsiodun. Eta ez dakite, pentsatzen jarri ere egiten ez direlako, zorabioak hartuko lituzke eta. Izan ere haien diru sarrrerak beste maila batekoak dira, eta sarritan diru sarrera bat baino gehiago dute.
Eta orain ez dutela pentsioak osatzeko eskumenik. Legebiltzarkide jaun-andereak, Eusko Jaurlaritzako kargu publiko hori, hona gure galdera: nori dagokio pentsiodunen artean dagoen miseria gainditzen joatea? Nork markatzen du denon zergekin kutxa publikora bideratzen den dirua kudeatzea? Hain zuzen ere, ardura hori zuena ez bada, esaiguzue zein atetara joan behar dugun, gure esku dagoena egiteko prest gaude eta. Ez zaitezte hasi diktadurako leihatilen jokuan: "hori hurrengo leihatilan aurkeztu behar duzu". Hara joan eta han ere: "hori hurrengo leihatilan". Eta hala denak pasatu arte.
Jaun-andere biltzarkideak, Eusko Jaurlaritza, ez gaituzue isilduko. Lehenbizi zuen iruzurra eta hizkera gezurtia agerian utziko ditugu eta gero, ez 30.000 sinadura, askoz ere gehiago bilduko ditugu eta han izango gaituzue berriro ate joka. Oraingoan gure oihuak entzun beharko dituzue eta azkenik lortu egingo dugu; gure eskubidea dena artatua izan dadila. "Lehentasuna pertsonak dira". Zuentzat ez, noski, baina bai guretzat.