Gaur goizean zazpi komunikabide etorri dira Bilboko Alde Zaharreko La Bolsa zentrora Eskubide Sozialen Aldeko E.Herriko Pentsionisten Plataformek deitutako prentsaurrekora. Abenduaren 23an Gasteizko Legebiltzarrak gure Herri Ekimen Legegileari bidea ixtea erabaki zuen eta horrela zakarrontzira bota zituzten gure iritzian oso garrantzi handiko bi eskariak: 1) EAEko milaka pentsiodunek pairatzen duten egoera ekonomiko konpontzeko eman diezaiotela bide lege bati, zeini eskerrak pentsio baxuenak 1.080 eurotaraino hornituko ziren. Eta 2) EAEko pentsioak, Segurantza Soziala eta Menpekotasuna kudeatzeko behar den Erakunde Publikoa abian jartzea.
Han bildutako komunikabideei gaiaren egoera adierazten saiatu gara eta hala esan diegu: demokrazia deitzen dugun sistema honek oso partaidetza gutxi uzten dio herritar jendeari. Ordenamendu juridikoan zirrikitu bat zabaltzen da HEL ( Herri Ekimen Legegileak) posible egiteko. Baina denok dakigu gure gizartean zeinen zaila den hartarako eskatzen diren baldintzak betetzea. Eta pentsionisten plataforma batzuk bide hori egiteko indarra eta adorea erakutsi dutenean, trikimailu guztiak erabili ditu Legebiltzarrak ateak ixteko. Erakunde politikoak izan behar lukete lehen interesatuak herritarren partaidetza legegintzan ere bultzatzen. Ba ez, eurentzat gorde nahi dute ahalmen hori. Herritarrok ezin dugu ezer eskatu.
Alderdi Popularrak, Alderdi Sozialistak eta EAJk ezezkoa eman ondoren argi dago ekimena ez dela lege bat bilakatuko, baina aspaldi ikasita daukagu lege asko zilegizkoak ez diren bezala, lege izatera heltzen ez diren ekimen asko legezkoak direla. Eta datorren urte berriarekin batera, 2016aren lehen egunetatik hasiko gara kalera atera eta gure premiei erantzun egokia emateko ezinbestekoak diren baliabideak eskatzeko kanpaina handi bat egiten, eta besteak beste, milaka sinadura bildu eta Gasteizko Legebiltzarreko mahai gainean utziko ditugu. Ea zer egiten duten haiekin.