Suminduta

Erabiltzailearen aurpegia Pentsionistak Martxan 2016ko urt. 19a, 09:38

www.torres-amann.es

Gure egunerokoan ikusten, sentitzen, pentsatzen... ditugun gauzak logikoak iruditzen zaizkigu, logika itxura batez inguratuta datozelako hain zuzen. Baina azpiak harrotzen hasiz gero, beste errealitate batekin egiten dugu topo. Kontrako errealitatea gehienetan.

Gaur goizean lagun zahar batekin topo egin dut. Kutxa Laboralaren bulego inguruan zen. "Egunon" esateko astirik eman gabe, eskuetan zekarren paper orri totxo bat luzatu dit. 120 orrialdekoa. " Duela egun pare bat telefonoz deitu ninduten eta hemendik pasatzeko adierazi. Eta hau eman didate".

Aspaldian haserre zebilela banekien: duela urte batzuk Eroskik eskeinitako diru aportazio batzuk hartu zituela; Eroskitaz fidatzen zelako, bezero ere bazelako eta non edo han bere aurrezki txikiak eduki beharrean zegoelako. Laboral Kutxak egin zuen bitartekaritza lana eta bertako zuzendariaren aholkua zen. Epeaz galdetutakoan, garrantzitsua baita pentsiodunentzat epea, hala adierazi zion zuzendariak: zuk bost urtetik aurrera nahi duzunean eska dezakezu itzulketa. Eroskik, ordea, lehenago ere itzul dezake hala nahi badu.

Duela urte pare bat jakin zuen sinatutako paper haietan, mila hitzen artean ezkutatuta, sekula entzun gabeko hitz bat zegoela: "subordinatuak". Eta poliki-poliki zertan zebilen sartuta jakin zuen: eskandaloa kalean zegoen eta "preferenteen" ondoren "subordinatuak" ere denon eguneroko hizkeran sartu ziren.

Konfiantzako gizona zuen bulegoko zuzendaria eta han joan zitzaion azalpen eske. Beste ehun urtean Eroskik diru hura itzuli beharrik ez zeukala jakin zuenean suminduta jarri zitzaion: "zuk ez zenidan horrelakorik esan; nola jarriko nuen hain epe luzerako dirua jubilatuta egonda? Eta Zuzendariak ordurarte gordeta zeukan aurpegia atera zuen: "Bai, begiratu, hementxe dago, 'subordinatua' jartzen du eta horrek horixe esan nahi du. Nik hori esan nizun eta zuk sinatuta zenuen. Orduan konturatu zen bankuko bulegoan zegoela. Gure egunerokoan ikusten, sentitzen, pentsatzen... ditugun gauzek bere logika dute, logika itxuraz inguratuta datozelako. "Zuzendariak lagun bezala hitz egiten dit, nire izenaz deitzen nau, agur beroa egiten dit, irribartsu artatzen nau, konfiantza ematen dit". Baina dirua tartean jarri denean beste errealitate bat agertu da. Zuzendaria urduri dago, ez dirudi laguna, begiak zorrotz mugitzen ditu..."

Gaur goizean, bulegoan beste zuzendari bat zegoen, aurrekoa lekuz aldatu dutela esan diote. Berriak ez zuen ezer jakin nahi aurreko zuzendariak zer esan edo zer aholkatu zion. Berak suposatu beharra zeukan gauzak ongi eta argi adieraziko zizkiola. Gaur zuzendari berriak eskeintza bat egin dio Laboral Kutxaren bitartez Eroskiren aldetik: lehen zeukan 'subordinatuen eskeintza' ezabatu eta berri bat egin. Oraingo kontratuak zera suposatuko luke: jarri zuen diru kopuruaren %15 eskuratu berehala; beste %55a 12 urte barru, ahal bada, eskuratu eta beste %30a galdutzat eman.

"Begira -esan dit paperak erakutsiz- oraingo paperetan oso garbi daude baldintzak; 'subordinatua' badakit zer den, letra handiz lehen orrialdean eta azpimarratuta dator,  eta abar. Niri aurreko aldian horrela esan balidate sekula ez nuke horrelakorik sinatuko. Hori bakarrik esateko 120 orriko pakete hau behar al zen?".

Jakina, nire lagunak nola suskribituko zuen 100 urteko ekarpena dagoeneko jubilatuta egonda. Hori Eroskik, Laboral Kutxak eta Eusko Jaurlaritzak bakarrik esan dezakete. Bakoitzak bere neurrian, hiruren artean posible egin nahi dute iruzur hori. Nola ulertu bestela Konsumobideren papera? Baina horiek denek oso ondo zekiten gauzak argi adieraziz gero, ekarpen hori inork ez zuela onartuko eta haiek une hartan diru premia handia zeukaten. Eta horrelako jendeak diru premia duenean edozein gauza egin dezake.