Nire txikitan gure etxean ´bankua´ gutxitan erabiltzen zen hitza zen, eta beti oso urrutiko gauzak bezala. Gure aitak diru kontuetan zerbait nahi bazuen ´kaja de ahorrosa´ra joango zen. Aurrezki Kutxak- gaurko deitura ontzat emanda- gure gazte denboran hurbileko guneak ziren. Gehienetan norbait ezaguna ere izaten genuen eta aski ziren gure diru apurren kudeketarako.
Gaur ordea, beste edozein bankutan bezain arrotz sentitzen naiz haietan. Eta arrangura pixka batekin diot hori. Izan ere, lanean hasi nintzenean oraindik soldata eskura ematen zitzaigun eta banku bidezkoa hasi zenean Bizkaiko Aurrezki Kutxa izan zen nire dirua gordetzen zuena. Etxebizitza behar izan nuenean han eskatu nuen hipoteka. Banekien gainera irabaziak sarri gizartean zeuden premiak hasetzeko baliatzen zirela: haurtzaindegiak, zaharrentzako zentroak...Orduan ere ez zen dena gardena izango baina tira, gaur nolako bidea hartu duten ikusita, ordukoa goraipa dezakegu.
Duela gutxi, BBKko bulegoko zuzendariarengana joan eta han hasi ginen hizketan. Egia da- esan nion- BBKak bere izaera publikoa utzi eta banku pribatua bilakatzeko bideari ekin diola eta agian laster akziodunak izan daitezkeela haren jabegoan?
Segur aski somatu zuen galdera baino gehiago zela nire haserrearen erakusle, eta bera ere defentsarik onena erasoa dela gogoratuz, BBK jada eta lehendik ere pribatua zela erantzun zidan. Ez da hau lekua ondoren gure arteko tirabiraren zehaztasunak idazteko lekua, ez bait zen batere goxoa izan.
Amaitu baino lehen esan dezadan lerro hauek idaztera bultzatu nauen arrazoia. Duela egun batzuk BBKak, suposatzen dut beste askori ere bialduko diela, idazkitxo bat igorri zidan adieraziz ordu gutxitan eskura nezakeela, hala behar banuen, 12.000 euroko mailegua. Jakinminak eraginda, nolako interesen truke izango zen begiratu nuen. Harrituta geratu nintzen: % 9,70 eurokoa. Badaukat BBKan bertan eta bulego bertan eginda urtebeteko ezarpen bat eta %0,15 ematen dit. Hau da 65 bider gutxiago. Idatzi badut idatzi dut, baina bakarrik adierazi nahi nuen nora heldu diren eta nora doazen gure garai bateko ´kaja de ahorros´ak. Zuzendariak 800.000 euro irabazten ditu soldata bezala urtean, eta dirudienez oso gutxi da zenbait bankutakoek irabazten dutenarekin alderatuta. Bien bitartean hipoteka ordaindu ezin duen hainbat eta hainbat jende utzi dute kalegorrian. Bejondeiela hori baimendu duten gure politikoei!