Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformek ez legezko proposamen bat aurkeztu genuen joan den urrian EAEko Legebiltzarrean, osasun kopagoaren salbuespena pentsiodun guztientzat eskatuz. Hala espero ez bagenuen ere, EAJ ,PSOE , PP eta UPyDk osotasunari emendakina aurkeztu zioten EH Bilduren bitartez iritsi zitzaienean.
Argi dago azpian dagoen asmoa: ez dute jabetu nahi milaka pentsiodunek jasaten duten egoera ekonomiko larriaz, zeina kopagoak areagotu egin duen; eta Eusko Jaurlaritzak puntu honetan hartutako bideak ez du balio.
Kopagoaren berrordainketarako benetako borondatea egongo balitz; dagokien pertsonei botika edo dena delakoa erostera doazen unean bertan itzuli behar litzaieke behar dena. Izan ere, Administrazio Publikoak badauka horretarako bidea jendea nahasten ibili gabe: alde batetik Osakidetzak badu norbanakoen gaixotasun eta tratamenduen berri eta bestetik, Foru Ogasunak zehazki daki gure diru sarreren zenbatekoa. Hori aski izan beharko litzateke, anbulategietatik izena ematera joan-etorrietan ibili gabe.
Pertsonak ei gara lehenbizi, baina nekeza egiten zaigu sinestea.
Ez osasun kopagoari, exentzioa pentsiodun guztientzat!