Otsailaren 17an abiatuko da Bilbotik Bartzelonaraino, 800 kilometro egin asmoz, Correscales deituriko korrikaldia. Langile eta eragile sozialek 80 errelebotan egingo dute bide hori gaur egun gure gizartean dagoen prekarietate eta lan eskasia salatzeko asmoz. Eta euskaldunok ere hor gaude; borroka batzuk sarri nahiko bakardadean egiten baditugu ere, ez dugu ahaztu nahi beste borroka batzuk munduko milioika jenderekin partekatzen ditugula, eta gure aberria defendatzeak ez gaituela eraman behar komunak ditugun arazoetan beste aberriekin bat ez egitera.
Bizkaiko Pentsionistak Martxan Plataforma zeharo konbentzituta dago herrien arteko elkartasunaz eta ahal dugun guztietan eraman nahi dugu praktikara. Oraingoan gure kide batek, Txus Andres andereak, egingo ditu gure ordezkari bezala 10 kilometro eta zer adierazi nahi dugun oso bistakoa da. Denbora daramagu gure idazki, hitzaldi eta elkarretaratzeetan langile munduak, eta ondorioz, pentsiodunen multzoak, pairatzen duen egoera onartezina salatzen. Gazteen langabezia, helduen lanaren prekarietatea, soldata miserableen emaitza gure pentsio eskasia da. Euskal Herriko pentsiodunen erdiak 600 euroz azpitik kobratzen du. Bien bitartean gure herriko aberastasunak gero eta gehiago hari dira esku bakan batzuetan pilatzen. Kontraesanak izango dira baina oso logikoak pairatzen dugun sistema honen barruan.
Eta bi errealitateak, askoren miseria eta gutxi batzuen aberastasuna, ez dira bi errealitate independiente, bata bestearen ondorio baizik. Eta egoera horrek ezin du etengabe jarraitu. Agian ez dugu lortuko epe laburrean, baina egunen batean lortuko dugu gauzak bestela izatea. Baina ezinbestekoa da horretarako: horretaz jabetzea, aldatu daitekeela sinistea eta lanari ekitea.
Pentsionistak testigu gara: bizitzan ikusi dugunak gizartean gauzak nola eta noren mesedetan egiten diren erakutsi digu. Eta gure seme-alabentzat, gure ondorengoentzat bizimodu duinagoa nahi dugu: lana, baldintza egokiak eta zapalkuntzarik gabe.