Gaurko Deian irakurri ahal izan dugu PSE eta EAJeko kide kualifikatuen artean lehen hurbilpen bat egina dela Pentsioen eskumena Gasteizko Jaurlaritzara pasatzeko. Berriro iruditu zait eztabaida antzu baten atarian gaudela. Izan ere, 35 urte igaro eta gero eztabaidan jartzen da Estatutoak dioena. Batzuek uste dute Estatutoaren arabera Pentsioen kudeaketa osoa dagokigula euskal herritarroi: langileen ekarpenak bildu, pentsioen zenbatekoa erabaki eta pentsioen funtsa nola erabili esan. Baina PSEren aldetik argi esan dute pentsioen kutxa Madrilgo soto batean gordeko dela eta handik esango dela zenbat eta nola banatu. Baina prest ei daude EAEn txiringitoren bat zabaldu eta, hala nahi izanez gero, Harrera gunean euskaraz dakien norbait jartzeko.
Eguraldiak udaberria datorrela nola iragartzen duen, hala politikoen hizkerak ere hauteskundeak hurbiltzen ari direla adierazten du sarri. Ez beti. Oraingoan salbuespena? Ikusi egin behar. Agian eztabaida luze bati emango zaio hasiera, baina iraganean zer gertatu den ikusita, beldur gara marra gorriz betetako orri bat jarriko ote zaigun aurrean. PSEko politikariak argi utzi zuen: "kutxa bakarra ezin da hautsi". Jakina, politikoek manerak ongi gordetzen dituzte eta berehala gehitu zuen: borondate osoa dugu adostasunetara heltzeko".
Borondate osoa ezin da izan, Celaá anderea, zuk marra gorria jartzen baduzu. Postura horrek zera gogoratzen dit: umetan baloiaren jabe zenak, berak erabakitzen zuen gol izan zen ala ez. Eta kontrakoa eramaten bazitzaion, baloi hartu eta haserre etxera joaten zen.
Azken egunetan argi geratu da Pedro Sanchezek ere marra gorria jartzen badakiela; lehen ere Estatutoko orrietan marra gorri asko ageri da, eta Madrilen arazorik ez da izaten hau horrela irakurtzeko eta hori honela. Baloia beti eurena da.
Barkamena eskatu nahi dut, halere, amaitu baino lehen. Hau guztia etorri zait burura Deiako artikulua irakurtzen nuen bitartean, baina nork esan du oraingoan gauzak eta elkarrizketak beste era batera izango ez direna? Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak aspalditik gatoz gure pentsio sistema propio aldarrikatuz eta sarritan esan dugu: hemen lan egin eta hemen kotizatu, hemen kotizatu eta hemen kudeatu. Hori besterik ez dugu eskatzen... oraingoz.