Ostegunean, martxoak 4, egunotako zurrunbiloan erdi galduta, Konfebaskeko buruaren, Larrañaga jaunaren, hausnarketa bat aurkitu nuen El Correoren webgunetik. "Nazkatuta" ei dago azken aldian Espainian dagoen ez egonkortasuna eta gobernu faltarekin. Nor ez dago nazkatuta, Larrañaga jauna! Azken hilabete eta erdian musika bera entzuten dugu goizean, arratsaldean eta gauean. Bilboko Aste Nagusiak 10 egun irauten ditu, eta amaierarako, apur bat nekatuta amaitzen dugu. Nola ez dugu amaituko hilabete eta erdi jada dirauen zarata honekin!
Aitorpen bitxi bat egiten du, ordea, Larrañaga jaunak; musika baino letra-zopak eragiten dio burukomina. Izan ere, egia da, zenbait sigla dabiltzala dantzan Estatu Espainiarrean hurrengo gobernua erditzeko uneari begira! Galdu egiten dugu kontua: koalizio handia, koalizio txikia, aldaketarako koalizioa,ezkerreko koalizioa... Mila aukera, denak ere sistema demokratiko baten fruitu.
Eskertzekoa da, baina: Larrañaga jaunak argi utzi nahi du berari sigla guztiak ongi iruditzen zaizkiola,ez duela preferentziarik. Bakarrik eskatzen du infernuko dantza hau amai dadila eta behingoz enpresarioek giro on bat izan dezatela beren lana egiteko. Espero ez nuen aitorpena: ez nuen pentsatzen enpresarioek musika eta dantzarako preferentziarik ez dutela; berdin zaiela honekin ala harekin atera dantzalekura. Zeharo oker nengoen ni puntu honetan eta eskertzen diot gauzak argi utzi izana. Alderdi politiko eta politikako jendearen inguruan horrenbesteko ustelkeria dagoela dirudienean, nik uste nuen ustelkeria horren erdia enpresarioena izango zela, hau da, ustelkeria horretan kolabotzaile batzuk beharko zirela nahitaez.
Nolanahi ere, azken Larrañaga jaunaren azken aitorpenak liluratu nahu batez ere: "Euskadin, zorionez, enpresariook, erakundeei eskerrak, egonkortasun on bat daukagu". Ez dakit nola ulertu behar dudan hori. Enpresarioen aldetik exigentzia zorrotzak plazaratu izan dira azken urteotan: malgutasuna lan harremanetan, zuhurtzia soladata kontuan, ez estututu enpresa jendea zergak biltzerakoan... Larrañaga jauna, nola ulertu behar dut Euskadiri buruz diozuna? Agian gaurko agintariekin lorpen horiek gauzatu dituzuela edo behintzat bidean zoaztela? Nolanahi ere, kosta egiten zait Gipuzkoan azken lau urteotan gertatu dena ikusita, sigla kontu hori zuentzat ez dela arazo sinistea.