Datorren asteazkenean, martxoak 16, Hego Euskal Herriko pentsiodunen Plataformak asanblada nagusi batera bilduko gara, bigarrena hain zuzen ere. Gure baldintzak astiro baino azkarrago aldatuz doazela ikusirik, eta zerbait egin beharko dugula sinistuta, Bilboko Unamuno Institutoan ( Poza Lizentziatua, 1) bilduko gara goizeko 10:00etan eta oraina eta geroaz hausnarketa bat egingo dugu. Pentsiodunak asko gara Hego Euskal Herrian, bizitzen ere tematiak - batez beste 80 urtez gora irauten dugu mundu honetan- eta jakina, hanibeste izanik eta hainbeste egun pilatzen dugula, arazoak ere egunez egun biderkatzen doazela ikusten dugu: ekonomikoak, osasunari buruzkoak, bakardadekoak, menpekotasunekoak...
Pentsiodunen zentrora joaten garen bitartean, gaitzerdi. Baina berandu baino lehen atera beharko genituzke kontuak premian aurkituko garenean behar bezala dena antolatuta izateko. Izan ere txartel asko daukagu loteria horretan premioa ez baina premiak tokatzeko. Hor dago gure akatsik nabariena. Populazioaren laurdanena hor-hor garela, baina sarritan txinaurriak bezala kantari bizi garela. Agian erremediorik ez duen gauza da gurea: aprobetxa dezagun gaurkoa eta hor gerokoak.
Zatitxo hau irakurtzeko jakinminak ekarri bazaitu hona, zatoz zu ere han zer esango den entzutera eta agian zure ekarpentxoa ere egitera. Ondoren, Bilboko Plaza Biribilatik eguerdiko ordubatetan Plaza Eliptikaraino egingo dugun manifestazioan parte hartzeko gonbitea luzatzen dizugu. Zerbait lortzen badugu denon artean banatuko dugu, eta agian seme eta bilobek ere pentsiodunak, izateko txanda heltzen zaienean, eskerrak emango dizkigute, ordurako urrutira joanak bagara ere.
Zatoz gurekin, pentsiodun hori. Ez utzi derna besteren bizkarrean. Borroka hau denona da eta gauzak ongi egiten baditugu, denok aterako gara irabazten.