Gaur egun pentsiodunen artean denetarik dago: paseatzen dutenak, Mediterraneo aldean denboraldi bat pasatzen dutenak eta bazterrak nahastera dedikatzen direnak. Azkeneko hauek dira berritasuna, Darwinen bilakaeraren azkeneko katebegia. Eta egia esan behar bada, arrazoirik ez zaie falta bazterrak nahasten ibiltzeko. 40 eta gehiago urtez lan egin, euren ekarpen ekonomikoa huts egin gabe ordaindu eta orain gehiagoko arazorik gabe bizi behar luketenean, horra non egunero entzun behar duten pentsioak kolokan daudela. Eta hori gutxi ez eta beren seme-alaben laguntzan ibili beharra daukate sarritan: dela haien umeak zaintzen, dela hauen soldata murritzei osagarri bat jartzen eguneroko ogia faltako ez bada.
Gaur Bilbo Zaharreko La Bolsa zentroan prentsaurreko bat eman dute. Lau hilabeteren kontuan bi lege propsamen gaitzetsi ditu Gasteizko Legebiltzarrak. Helburua, ulerterraza: jar dezatela abian 1.080 eurotaraino iritsteko pentsio baxuei falta zaiena. Abenduan Pentsiodunen Plataformek aurkeztutako Herri Ekimen Legegile bat izan zen. Zerbitzu juridikoen arabera ez zegoen haren lehen artikulua tramitera onartzeko arrazoirik. Baina halere bertan behera bota zuten. Baina gero EH Bilduk aurkeztu zuen lege proposamen bat helburu berarekin. Eta hemen bitxia gertatu dena: Urkulluren zerbitzu aholkulariek diotenez ez dago ez finantziatzeko biderik, ez aurrekonturik ez eta segurtasun juridikorik. Kontraesana argi geratu da. Eta dena ezer gertatu ez balitz bezala. Are gehiago: EAJko lege proposamenaren gaian bozeramaile aritu zenaren hitzak oso desegokiak izan ziren. Demagogia eta seriotasun falta aurpegiratu zien proposamena egin zuen taldeari. Gaur pentsiodunak jasaten ari diren egoera zerbait hobetzeko eskariaren aurrean mintzaira hori erabiltzea zeharo tamalgarritzat jo dugu. Are gehiago eten gabe "pertsonak lehenbizi" leloa ahoan darabiltenean.
Guk nolanahi ere aurrera jarraituko dugu gure sinadura bilketarekin. 32.000 bildu ditugu jada. Sinadurok ispilu on bat izan daitezke gure gizartearen pentsamendua ezagutzeko.