Bizkaiko Pentsionistak Martxan taldeak ozenki adierazi nahi dio gizarteari bere kezka egoitzetan bizi den jendeari ematen zaion zerbitzuaren duintasuna dela-eta, han gertatzen denaren azken erantzulea administrazio publikoa baita. Azken hilabete hauetan langile eta patronalaren artean gatazka piztu da; izan ere, Ahaldun Nagusiak agerian utzi baitu egoiliarrek han jasotzen duten tratua ez dela beti behar bezalakoa. Ez gara sartuko langile eta patronalaren arteko nahasmenduetan, baina argi dago egoitzetan dauden gabezia batzuk estrukturalak direla, greba egunetan gerta daitekeenetik haratago. Hor dago koska.
Administrazio publikoa egiten dugu azken batean arduradun, gizarte zerbitzuak harenak direlako eta egoiliarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea bermatzea euren egitekoa delako. Egoitzetako egoiliarren plaza gehienak publikoak edo-eta kontzertatuak dira: azken batean erantzukizun publikoa.
Egoiliarren artatze duinaz ari garenean pertsona bakoitzari eskaintzen zaion denboraz eta tratuaz ari gara: haien garbiketak egiterakoan, haiek janzterakoan, otorduetan, zaintzan, jarduera sozio-kulturaletan... eta horretarako ezinbestekoa da ratio egokia, ordutegi ongi zehaztua eta lan baldintza duinak bermatzea.
Gatazka hone kasuan Ahaldun Nagusiak langileenganako baino begirune handiagoa erakutsi dio kudeaketa egiten duen patronalari. Gabezia batzuen errua langileei aurpegiratu dien bitartean, patronalari ez dizkio zenbait gauza gogoratu: arlo horretako langile publikoekin konparatuta ordaintzen dituzten soldata baxuak, langileek grebarako duten eskubidea, edo lanak burutzeko ezinbestekoa den langile kopurua...
Gizartearen aurrean Ahaldun Nagusia eta gizarte zerbitzuak dira gatazka honen konponbide on bat lortzea bere gain hartu behar dutenak. Ezin dira isilik egon irabaziak gizentzeko asmoz zerbitzu eskasak ematen dituztenen aurrean. Eta azken neurri bezala, badakite kudeatzailea ere alda daitekeela.