SOS! Pentsioak mehatxupean

Argi gorri guztiak pizten ari dira. Alde batetik hor ditugu Alderdi Popularreko gobernuaren mehatxuak pentsioetarako dirua agortzear dagoela esanez eta bestetik, EAJ, PP eta PSEren ukazioa gutxienezko pentsio duinak hemen bermatuak izan daitezen.

Onartezina da herritarren %25a izutzea eta mehatxatzea, zeintzuk eta urteetan lan egin ondoren, hilabete bukaerara heltzeko hainbeste zailtasun bizi behar izaten duten pentsiodun asko eta asko.

Ez dugu inondik ere onartuko. Jakin, badakigu pentsioen etorkizuna, erabaki politikoen menpe dagoela.  Ordezkari politikoei EXIJITZEN diegu, hilabete bukaerara duintasunez iristeko behar adinako pentsioa jaso dezagun eta ahaztu ditzaten, Estatuko Gobernu ezberdinek egin dituzten bezela, mozketen bideak.

Gaur Euskal Herrian 670.000 pentsiodun inguru gara, eta gehienek 1.080€ baino gutxiagoko pentsioa dute. Horrek esan nahi du pobreziaren muga azpitik daudela eta horrekin BUKATU EGIN BEHAR DA. Gogoratu behar dugu halaber, milaka pertsona daudela, bereziki emakumeak, inolako pentsiorik kobratzen ez dutenak bizitza osoan kotizatu ezindako lanetan aritu direlako.

Eskubide Sozialen aldeko Euskal Herriko Plataformek, duela hilabete bat, Eusko Legebiltzarrean, 71.724 sinadura aurkeztu genituen, bi aldarrikapen nagusi eskatuz: pentsiodunorok 1.080€ kobratu ezean, osagarria jaso dezan, gutxieneko horretara iritxi aldera. Horrekin batera, Babes eta Seguritate Sozial Sistema Propioa sortzea.

Gaur, inoiz ez bezela, berresten ditugu bi aldarrikapen horiek eta Legebiltzar berriari exijitzen diogu gauza ditzala. Ez dugu onartuko politikoek soldata ederrak kobratzen dituzten bitartean eta Lehendakariak bizitza osorako pentsioa ziurtaturik daukanean, pentsiodun askok hilaren amaierara ezin iritsi egotea edo neguan berogailurik gabe bizi behar izatea edo eta azken legealdian egin zuten bezela, beharrezkoak dituzten sendagaiak, doainik ez ematea.

Madrildik datozkigun mehatxuak direla, Eusko Legebitzarretik zein Gobernutik jasotzen ditugun mespretxuak direla, ez dugu etsiko eta egoera hau salatzen jarraituko dugula jakin bezate.

Pentsiodunok gizarte honen %25 inguru gara eta zahartzaroa duintasunez bizitzeko eskubide osoa dugu.

Gure aldarrikapenak eta Gasteizen aurkeztutako 71.724 sinadura kontutan hartzea eta erantzun egokia izan ditzaten exijitzen dugu.

Gure azkeneko urteak duintasunez bizi nahi ditugu. Horregatik eskandalagarritzat jotzen dugu hainbat politikori bost axola zaiela milaka pentsiodunen egoera eta bitartean dirudunei, gutxienezko inpostuak eskatzen ikustea.

 

Eskubide sozialen aldeko Euskal Herriko pentsiodunen plataformak