Bizkaiko Pentsionistak Martxan Plataformatik dei egiten diegu Bizkaiko Batzar Nagusiei, kontutan hartu eta eztabaida dezaten, sinaduren bitartez 71.724 pertsonek egiten dieten eskaera. Sinadura horiek, joan den irailean Gasteizko Legebiltzarrean entregatu zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Pentsiodunen Plataformek eta bertan ondoko eskaerak egiten ziren:
1- Gutxienezko pentsioentzat 1.080 eurotara iristeko osagarria onartu, kontutan hartuta Europako Karta Sozialak kopuru hori ezartzen duela minimo bezala bizitza duina izateko.
2- Bere eskumenaren eremuan Erakunde Propioa sortu, Pentsioak, Babes Soziala eta Mendekotasunaren kudeaketa integrala beteko duena.
Geure ustez, Bizkaiko Batzar Nagusien ardura da eskaera hauen aurrean, jarrera aktiboa azaltzea eta bidezko erantzuna ematea, izan ere gure Herrialdeko 228.840 pentsiodunengan eragin zuzena daukaten eskaerak dira. Halaber erakunde horri dagokio pertsona horien hainbat behar asetzea.
Bizkaian bertan, Pertsona Nagusien Behategi bat sortzea proposatzen dugu. Bertan, aztertu, diagnostikoa egin eta proposamenak aurkeztuko lirateke, gizartearen %25a osatzen dugunon arazoak bideratze aldera. Behategi hau, noski, demokratikoa, zerikusia duten arlo guztien ordezkagarria, publikoa eta gardena izango da.
Gure pentsioengan dauden mehatxuak ikusirik eta jakinik herrialde honetako %25ari eragiten diela, eskaera hau lehenbailehen eztabaidatua eta aintzat hartua izango delakoan.