Izan ere, gatazka honek milaka pertsonari eragiten die: egoiliarrei, haien senitartekoei, eta zerbitzu hori edozein unetan behar luketen beste lagun askori.
Halaber, begi bistan dago zer nolako estuasunetan jartzen dituen norbaitek tartean egokitu diren langileak, horrela kalitatezko zerbitzua bermatuko ez duten lan baldintzak onartarazteko.
Lan gatazka baten unean elkarrizketarako bideak zabalik ez badaude, azken aukera bezala langileak grebara jo izan dute, hori baita haien indarra lan-baldintzak hobetze aldera. Eta horrela, gatazkaren parte diren aldeek adostasun bat lortzen badute lanerako giro hobea lortuko da.
Oraingo gatazka honen sustraiak, gure ustez, iraganeko lurretan sartuta daude, eta irtenbide egokirik eman ez denez, orain egoera usteldu egin da. Aspalditik jakina izan da egoiliarrei ematen zaien arretak zertan hobetua bazuela eta horretarako eragin ezkorra duten zenbait gauza badaude hor: diru etekin hobeen bila aski ez diren ratioak, lan-ordain urriak, egoiliarren pilaketa, irabaziak zerbitzu egokien gainetik jarri…
Gure ustez, zaharren egoitzen eredua ez da egokiena adineko pertsonek behar dituzten kalitatezko zerbitzuak bermatzeko, gogoan izanda haietako askoren mendekotasun egoerak hauskor egiten dituela: lehenago bizi ziren ingurunean egon gizarte harremanak gordetzeko, arreta pertsonalizatua ahalbidetuko duen egoiliar kopuru mugatua, mendekotasun mota ezberdinak gogotan hartuko dituen egoitza…
Nola nahi ere, horretarako borondate handia eta denbora ere beharko dela bistan da. Horregatik, oraingo gatazkara itzulita, bi puntutan laburbiltzen da: langileen ratioak eta lanordainen hobetzea. Eta eperik laburrenean gatazka gainditzeko tira-biran murgilduta dauden aldeek adostasun batera heltzea da premiazkoena. Zentzu horretan ulertzen dugu datozen egunetan hasiko den greba aldi berria eta dudarik gabe egingo diren mobilizazioak.
Ikus puntu honetatik eta laster adostasun bat lortuko den itxaropenean, Bizkaiko Pentsionistak Martxan plataformak datorren 15 eta 16an ELA eta LAB sindikatuek deitutako Bilboko mobilizazioetan parte hartzea erabaki du:
- Abenduaren 15ean, osteguna: 12:00etan, Arriagako enparantzan hasita.
- Abenduaren 16an, ostirala: 11:00etan, Gran Via 85ean hasita.