Azken egun hauetan, eta ustelkeria politikoa eta ekonomikoa eguneroko gauza bada ere, aipu berezia izan du komunikabideetan, ustelkeriaren aurkako fiskaltzak Iberdrolaren egoitza nagusi bietan sartu eta han aurkitu duenaren gainean salaketa jarri izana Euskal Herriko etxe asko argiz hornitze duen enpresari. Hiritarrok esan bezala oso prest gaude horrelako albisteak entzun eta sinisteko, zenbait kobazulotan zintzotasuna baino iruzurra arruntagoa dela uste dugulako. Halere isilik geratzen dira.
Baina hara non, gure elkarte autonomoko Ogasun kontseilariak, guk baino informazio zehatzagoa eta freskoagoa duenez, Euskadi Irratian eman dioten txanda profitatuz- guri baino aukera gehiago ematen diote-, auzi horretaz galdetuta zer erantzun duen: Iberdrola "enpresa handi bat da eta era gardenean funtzionatzen du. Nire ustez enpresa handi guztiek hala egiten dute eta Iberdrolak ere bai".
Lotsagarria iruditzen zaigu guk ordaindutako nomina - ez nolanahikoa- jasotzen duen kontseilari batek horrela hitz egitea. Zoritxarrez, hori da jarduera komuna. Eta oraindik ere demokrazia deitzen diote horri.
Baina onena, Euskadi Irratiko saioak aurrera jarraitzean entzun ahal izan genuena da: "Nolanahi ere, Iberdrolaren auzi honetan ezin dut iritzirik eman, egia esan ez dakit ezer gertatutakoaren inguruan".
Nola kalifikatu behar ditugu Pedro Azpiazuren adierazpern horiek? Ez daki ezer kontu honetaz eta halare enpresa handi guztien jokabidea, Iberdrolarena barne, zintzotasunez eta gardentasunez gainezka dago, bere aburuz.
Argi dago, morroiak nola salatuko dute nagusia? Eta lehen kristau demokrata zen partiduak orain sozial demokraziaren erlijioa praktikatu nahi omen du, jakin gabe gaurko sozial demokrazia neoliberalismo hutsa dela, honenbeste miseria ekarri duen liberalismoa hain zuzen.
Azken egun hauetan puri-purian ibili dira sozial demokrata hauek haien egoitzen ormetan pinturak eta sarreran zaborrak erein dituztenen kontra, atentatu onartezintzat kalifikatuz. Esan dezagun, bada: onartezinagoa iruditzen zaigula Ogasun Kontseilariaren jokabidea.