Negar egiteko ordua

Argazkia: Udalberri

Zoritxarrak mendean hartzen gaituenean: istripuak, izurriteak, suteak... bakoitzak ahal duen erara erantzuten du lehen unean. Denok, segur aski, bizi izan dugu horrelako une larriren bat eta badakigu sarritan ezinak lotzen gaituela.

Duela egun batzuk Zorrotzako auzoan, miseriak azpian hartuta zeukan jende batek une latzak jasan behar izan ditu eta horrelakoetan beti gertatzen den bezala, doluaren mila adierazpen ezberdinen testigu izaten gara: garrasia hurbilekoengan, bisaia zurbila hiritarrengan, burumakur serioa beste askorengan. Liturgia hori ez da berria, eta neurri batean erabat zilegia eta errespetatzekoa da. Ez da hipokresia.

Baina horietako zoritxar bakoitzak zertzelada propioak izaten ditu eta oraingoan haserreak leku handia hartu du. Haserrea batez ere etxe horren baldintzak ezagututa zoritxarrak nolabaiteko erantzuleak ere badituelako. Udalak dolutik haratago erantzukizun batzuk ere baditu eta alde batetik Zorrotzako auzokide askok eta bestetik Udaleko oposizioko taldeek kritika zorrotzak egin dituzte.

Nire ustez, zeharo lekuz kanpo egon dena arazo honetan Juan Mari Aburto alkatea izan da. Lehen eta behin eskuinetik eta ezkerretik egin diren kritikak "hipokresia politiko eta soziala" bezala kalifikatuz. Gauzak ongi ez direla egin esaten duenari hipokrita deitzen badio, ez dago jada aurrera egiteko biderik. Gure alkateak, eta gure alkateek, laudorio asko eta komunikabideetan presentzia handia izan dute beti euren lorpenak lau haizetara zabaltzeko. Beraz prest egon behar dute laudorioak ez diren hitzak ere entzuteko.

Egia bada aspalditik zetorren egoera arriskutsuan bizi zela etxe horretako jendea, alkateak onartu beharra dauka denon aurrean -guk emandako egitekoa baita- gauzak oker egin direla eta jokabide oker horrek ondorio oso larriak izan dituela. Ez zait serioa iruditzen alkateak esandakoa, hau da, desjabetzeak oso prozesu luzeak eta konplexuak direla. Arriskua dagoenean sarritan ikusi dugu etxeak di-da batean hustutzen. Beraz, tamalez, oraingoan arrisku hori ez da aurrikusi.

Halere, eta uste dut alkateak berak honezkero badakiela, onartezinak dira tirabira honetan halako une batean, Bilbo Irratian oker ez banago, esandako hura: "Zenbait jendek esandakoa arreta beste gauza batzuetara desbideratzeko asmoz izan da, lur jota egon ordez". Bai, motiborik ez da falta lur jota egoteko, baina halere gure Udaleko arduradunentzat horiek ez dira lur jota egoteko uneak. Beste erantzukizun batzuk daude, eta hor egon beharra dago.

Sarritan entzun dugu, eta Zorrotzako sutearen ondoren berriz erabili da: "Bi abiaduratako Bilbo eraikitzen ari gara", turistak erakartzeko diru pilak xahutzen dituena eta eguneroko ezinari buelta emateko baliabide urriak dituena.

 

Testua: Mikel Arguiñarena