Aitor dezadan behingoz. Nire eta inguruko askoren lehen iturri isil eta ezkutu horiek EAJaren altzoan jaiotzen ziren. Bai, oraindik Frankoren gerrako gorabeherak, ertzainen ahaleginak, emakume batzen merituak, gudarien ausardia...horiek ziren bazterretan bildu eta elikatu gintuzten janariak. Asko zor diot horri guztiari, nire abertzale sena ortu horretan hasi baitzen ernetzen.
Gero baina handitzen goaz: adinez, ulermenez, kuriositatez eta beste iturri batzuen urez. Orain, aspalditxo jubilatua, sarri pentsatzen dut iragan horretan. Eta sentimendu bat gainditzen da nire barruan beste askoren artean: zeinen gutxi aldatu den EAJren izaera. Bestela esanda, zergatik den horren kontserbadorea. Frankismoan etsai izan zituenekin gaur adiskidetuta dabil, baina ez orduan lortu nahi zuena eskuratu duelako. Onartzen du PPk eta PESOk Estatutuak aurre ikusita zeuzkan oso eskumen funtsezkoak ez dizkiotela ematen, hala nola lan harremanak, Gizarte Segurantza... Badakite borondate onez sekula ez dizkiotela emango, eta halere haien gerizpean ibili nahi du: eskumenak Madrilek ematen ei ditu.
EAJrengandik dagoeneko ez dugu ezusterik hartuko. Gauza da Madriletik datozen aginduekin ados ez dagoela esan eta biharamunean haiek bete arazten jotake hasten dela. Gogoan dut zeinen harro esaten zuten harako hura: "se obedece pero no se cumple".
Kataluniaren kasuan oso bistan geratzen ari da EAJren hizkera bikoitza. Hitz egiten ikasten dugunetik ohartzen gara zeinen malgua den lengoaia.Esan dezakego orain gauza bat eta hurrengoak alderantzizkoa eta beti dago arrazoiren bat ontzat emateko. EAJak mantra bat bezala dauka esatea burujabetasuna duela helburu.Horixe zen gazte denborako garaietan iturri horretako uretara eramaten ninduena. Baina, hainbeste urte joan da gero aho betean esaten du oraindik ez direla ematen baldintzak horretarako. Hau guztia-eta barkatu- darabilt buruan joan den egunean Puigdemont jaunarekin bildu ondoren EAJko agintarien ahotan behin eta berriz entzun duguna. Kataluniak aukeratu duen estrategia ez da posible Euskal Herrian. Errealitate sozial eta politiko ezberdinak ei dira hemengoa eta katalandarrena. Alde biko bidea ei da EAJ ikusten duen bide bakarra. Baina katalandarrek ere alde biko bidea aukeratu zuten beren burujabetasuna lortzeko. Kontua da Madriletik iseka eginda bialdu zituztela eta orduan gauzarik lojikoena pentsatu zuten: burujabetasuna lortzeko Madrilen laguntzarik ez badugu lan hori bakarrik egin beharko dugu.
Baina horren ondorioztapen xumea ez da sartzen EAJren buruan. Oraindik sinistuta dago egunen batean PP, PSOE eta alderdi espainiarrak, Olentzero egunen bat aprobetxatuz, opari hori egingo digutela. Horrela ulertu behar da EAJaren politika argia: PPren lagun izan, hari babesa eman trantze txarretan eta halako batean ...horra, horra gure Olentzero