Azken hamar egunotan behin eta berriro kaleratu da zenbait berri euskararen ezagutzaz eta haren erabileraz. Ezagutzari dagokionean oso baikorrak ageri dira batez, ere Eusko Jaurlaritzako jendeak. Ez dakit datuen oinarria zein den, baina suposatu nahi dut hezkuntza sisteman egindako lana izango dela hazkunde horren arrazoi nagusia. Eta erabilerari buruz antzuago gabiltza. Nire iritzian biak lotuta doaz.
Lehenbizi eta behin ez dakit zer balio eman behar diogun horren baikor iruditzen zaigun ezagutzaren garapenari. Euskaraz badakiela erantzun duen jende askok ez dakit zer esan nahi duten. "A" ereduan, adibidez, zerbait ulertzeko bai baina elkarrizketarik xumeena mantentzeko gauza ez den askori aitor ote dakioke euskararen ezagutza?
Nire eguneroko bizipen baten berri emango dut hemen. Eroskira joan eta ordain lekuan euskaraz zuzendu enplegatu gazte-gazte bati eta erdara hutsean jaso haren erantzuna. Berriro errepikatu eta emaitza bera. Azkenean ausardia pixka batekin galdetu diozu: 'Euskaraz batere ez?' Eta hark erantzun: 'Entiendo un poco pero no como para hablar'.
Gogoan dut hasiera-hasieratik ohartu ginela eskola askotan abian jarritako eredu haren ondorioz –gauza bera gertatu da gero "B" ereduan eta ez gutxi "D" ereduan bertan– zerbait ulertzen duten ikasle asko baina euskararen igerilekuan eroso sentitzen ez den jende asko daukagula. 14 urte egoterakoan helburu hau eta bestea lortu behar zuten edozein zela ere eredua, baina helburu horiek ez bete arren ezer gertatuko ez balitz bezala aurrera egiten zen. Oraindik ez dut autokritikarik txikiena ere ikusi hezkuntzako arduradunen artetik eta are gutxiago gauzak birplanteazeko asmoa. "Hor daukagu aldatu beharra" diote sarri, baina segi berean.
Errealitatea ez da aldatuko estatistikekin. Ez da sekretu bat gure arteko jende askori bost axola diola euskarak, ez dutela inolako justifikaziorik ikusten ikasteko ere. Aurreko egunean, lehen aipatu dutan pasadizoaren errepikapen batean hala erantzun zidan ordain lekuko neska gaztetxoak Gorlizko Eroskin: 'A mí no me gusta nada el euskera'. Aitor dezadan nire erantzuna ere ez zela oso amablea izan.
Amaitzeko, euskararen erabilera sendotu nahi badugu gauza asko egin beharko da, arazo konplexua da. Baina orain arte egin gabeko gauza bat baino gehiago egin beharko dugu, eta esango nuke lan hori bere garaian ikastolak sortzea baino gehiago kostako zaigula. Eta zer egin horretan denon partaidetza beharko da, baina bereziki erakunde publikoena.