Milaka pertsona bildu ziren atzo Bilbon pentsio duinak eskatzeko nahiarekin. %0,25eko igoera ez da nahikoa, eta horrela ikusi zen atzoko manifestazioan. Pentsionistak kalera irten dira berriro beraien aldarrikapenekin. Hau da irakurri zuten komunikatua:
Bizkaiko Pentsionisten komunikatua
Gaur, hemen, milaka pertsona irten gara kalera, Donostian egin duten antzera eta arratsaldean, Gasteizen, Iruinan eta Estatuko beste hainbat lekutan egingo duten bezala
Hemen gaude gure nazka eta gogaimena adierazteko. Adarra jotzen digute, irainduak sentitzen gara, pentsioak %0,25eko miserian igotzen dizkigutenean. Gainera 2022ra arte horrelako igoerak ezarriko dizkigutela diote. Horren ondorioz, gure erosmen-ahalmenaren galera %10era iritsi daiteke. Gobernuak, aurreikusi dituen neurriak ezartzen baditu, are gogorrago izango da belaunaldi gazteentzako, pentsioen murrizketa handia izango baita.
Jasan ezina da Fátima Ministrari entzutea, bere Gobernuari esker, ez dugula erosmen ahalmenik galdu.
Gezurretan dabil esaten digunean, pentsioak bere horretan mantendu daitezen, ezin digutela gehiago igo. Estatuko aberastasun mailak, dagoeneko 2008ko egoera gainditu du. Bankuen irabaziak eten gabe gorantz doaz eta enpresa handien ordainketak %15ean igo dira.
Pentsio publikoen mozketak, aspaldian hasitakoak dira eta susmo handiak ditugu, ez ote diren beraien aurkako azken kolpea prestatzen ari,.kontutan hartuta miseriarantz bultzatzen dituztela.
Onar ezazue, behingoz, hainbat lan-erreformen ondorioz, soldatak ere jaitsi dituzuela, prekarietatea eta aldibatekotasuna ezarri duzuela eta hori dena, enpresarien mesederako egin duzuela, langileen pobrezia areagotuz eta kotizazioak gutxituz, guzti horrek, pentsioen kutxa era bat ahuldu duelarik.
Ken itzazue mozorroa eta onar ezazue zein den zuen azken asmoa, hau da, Seguritate Sozialaren pribatizazioa, Pentsioen pribatizazioa eta EPSVak bultzatzea, hori dena, noski, finantza eta aseguru etxeen onerako.
Guzti hori dela eta, duela aste batzuk, Bizkaiko, Hego Euskal Herriko eta Estatuko hainbat udaletxeren aurrean, elkarretaratze handiak egiten ari gara eta gaur, Bilbon. bezala leku askotan, milaka gara pentsio publiko duinen alde kalera irten garenok. Ozen esan behar dugu 480€ko alargun baten pentsioa ez dela batere duina, ezta 700€ko diru sarrerekin EAEn bizi diren 170.000 pentsiodunen egoera, horietariko erdiak Bizkaian eta gehienak emakumeak.
Pentsioen eros ahalmenaren balioa KPIaren arabera gaurkotzea aldarrikatzen dugu eta gutxieneko pentsioa 1.080€koa izatea.
Aurrera lagunok. Jarrai dezagun mobilizazio bidetik geure helburuak lortu arte. Jarrai ditzagun astelehenetako BIlboko Udaletxe aurrean eguerdiko 12etan elkartzen eta herrietan zuek antolatutako ordu eta lekuetan.